Serena Williams aurrera egin ezinda Roland Garrosen, eta Sharapova larri

Erredakzioa
2008ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Kanporaketek aurrera egin ahala, aurreneko ezustekoak ari dira gertatzen Roland Garrosen. Bezperan Amelie Mauresmok galtzea izan zen handi samarra, nahiz eta azken boladan bere onena eman ezinda dabilen garai batean munduko tenislari onena izan zena. Atzo, Serena Williamsek galtzea izan zen ezustekoa. Denboraldi hasiera bikaina egin du estatubatuarrak -Bangalore, Miami eta Charlestongo torneoak irabazi ditu, eta Berlinen eta Erroman final-laurdenetaraino iritsi lur gainean-, egun lehian ari direnen artean inoiz Roland Garros irabazi duen bakarra da, eta Katarina Srebotn eslovakiarrak ez zirudien haren pareko kontrarioa, nahiz eta 2002an final-laurdenetara sailkatzea lortu zuen -urte horretan irabazi zuen Serena Williamsek Roland Garros-. Atzo, aukera gutxi eman zizkion irabazleak bosgarren zerrendaburuari (6-4 eta 6-4), eta Emilie Loitek eta Patty Schnyderrek jokatuko duten partidako irabazlearekin neurtuko ditu indarrak final-zortzirenetan.

Mari Sharapova dabil espero baino larriago. Bethanie Mattek WTA zerrendako 106.aren kontra aritu zen zerrenda horretako lehenengoa atzo, eta berez erraz irabazi beharrekoa asko kostata atera zuen aurrera. Bezperan bertan behera gelditu zen partida abiatu zuten atzo. Lehen seta ongi atera zuen aurrera Sharapovak (6-2), baina gaizki aritu zen bigarrenean (3-6) eta hirugarren behar izan zuen kanporaketa gainditzeko (6-2). Lur gainean duen onena eman nahian hasi zuen denboraldia errusiarrak, baina kostatzen ari zaio Roland Garrosi neurria hartzen. Kontrarioak aise dabiltza haren aldean. Ana Invanovic bigarren zerrendaburuak Caroline Wozniacki irabazi zion (6-4 eta 6-1).



NADAL, ESTUTASUNIK GABE. Gizonezkoen lehiaketan ez zen atzo ere ezustekorik izan, eta zerrendaburu nagusiek aurrera egin zuten. Nadalek Jarko Niemninen finlandiarra izan zuen kontrario. Printzipioz, orain arte izan duen kontrario gogorrena zen, eta orain arte jokatu duen partidarik onena jokatuta irabazi zion (6-1, 6-3 eta 6-1). Hurrengo kanporaketa Fernando Verdasco espainiarraren kontra jokatuko du. Novak Djokovicek ere aurrera egin zuen atzo, baina estuago hartu zuen Wayne Odesnik kontrario estatubatuarrak (7-5, 6-4 eta 6-2). Hurrengo kanporaketa Paul-Henri Mathieu frantziarraren kontra jokatu beharko du Djokovicek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.