Golak: 1-0: Jaimek (2. min.). 2-0: Geijok (74. min.). 2-1: Llorentek (81. min.). 2-2: Susaetak (87. min.).Epailea: Undiano Mallenco. Txartel gorria: Granadako Jaimeri (39. min.). Txartel horia Granadako Nyomi; eta Athleticeko Iturraspe, Amorebieta eta De Marcosi. Bestelakoak: 22.500 ikusle Los Carmenesen.
Athleticek aspaldiko neurketarik txikiena jokatu zuen atzo Granadako Los Carmenesen. Zelai horretan sekula ez duela ondo jokatu pentsatuko dute zale nagusienek; han irabaztea ezinezkoa dela Athleticentzat. Bada, buruan hori zuenak ez du gehiago zalantza egingo. Hala da. Izan ere, talde bizkaitarrak nekez izango du Granadatik hiru puntuekin itzultzeko aukera hoberik.
Athleticek dena alde izan zuen. Jokoz eta talentuz aurkaria baino gehiago da une honetan. Futbolariek konfiantza dute euren buruarengan, eta horrek talde arriskutsu bilakatzen du Bielsarena. Aurkaria, berriz, kontrako egoeran dago. Talde mugatua da, eta gogotik lan egiten ari da apurka-apurka gorengo mailan jarraitzeko aukera emango dion puntu kopurua lortzeko. Presio horrek neke handia sortzen du. Irabaztea asko kostatzen zaio Granadari. Eta, gainera, epaileak Athleticen alde egin zuen atzo. Nor izango, eta Undiano Mallenco, jarraitzaile zuri-gorriek gehien gorroto duten epailea. Atera kontuak!
Athleticek elastiko beltzarekin jokatu zuen atzo. Eta elastikoaren kolorearen antzekoa izan zen jokoa. Iluna. Grisa. Txispa bariko taldea izan zen atzokoa. Erritmo gutxirekin aritu arren, pase errazetan akats ugari egin zituen. Horri neurketaren lehen minutuan Jaimek sartu zuen gola gehituz gero, itxura txarra zuen neurketak.
Atzokoa ez zen Marcelo Bielsaren taldea izan. Beste bat zen. Caparrosekin jokatzen zuenaren antz handiagoa zuen. Gauza errazenak ere txarto egiten zituen. Gaitza zen bide txarra zeraman partidaren norabidea nola aldatu zitekeen asmatzea. Undiano Mallenco arduratu zen zuri-gorriek behar zuten bultzada ematen. Athleticek jokaldi ona egin zuen erdialdetik, eta bikaina izan zen Munianek goitik Iraolari eman zion pasea. Usurbildarrak ezin izan zuen errematerik egin. Oreka galdu eta lurrera joan zen. Jaimek egindako penaltia adierazi zuen epaileak. Ez zen izan. Penaltia zigor txikia ez eta, txartel gorri zuzena erakutsi zion Granadako erdilariari. Penalti jaurtiketan zer gertatu zen erraza da jakiten. Ez da zaila asmatzea. Llorentek jaurti zuen. Txarto. Gora.
Lehen zati aldrebesaren ostean, ohiko Athletic ikustea gura zutenek Mallorcaren aurkako neurketara arte itxaron beharko dute. Bielsak piezak mugitu zituen. Aurtenetxe kendu zuen eta Ibai zelairatu. Athletic hiru defentsarekin hasi zen jokatzen. Hamarren kontra. Baina ez zeukan argitasunik. Hala ere, Munianek aukera garbi-garbia izan zuen berdintzeko. Atezainaren aurrera ailegatu zenean aukera bi zituen: atera jaurtitzea edo Llorenteri eta Ibairi pasea ematea. Bigarren aukera baliatuz gero, seguru zen gola. Bada, lehen aukera baliatu zuen. Atezainak ezker eskuaz atera zion baloia. Lanean jarraitu behar, beraz.
Toquero eta Gabilondo zelaira
Athleticek ez zuela erreakzionatzen ikusita, Toquero zelairatu zuen Bielsak. Eta Gabilondo gero, lau hilabeteren ondoren. Tartean, defentsan egindako akats larri bat tarteko, Geijok bigarrena sartu zuen etxeko taldearentzat. Ezer lortzea ezinezkoa zirudienean erreakzionatu zuen Athleticek. Llorenteren burua izan zen bi goletan Athleticek erabili zuen bidea. Lehenean errioxarrak maisutazunez errematatu zuen Ibaik egindako erdiraketa. Bigarreneaan ere sareetara bidali zuen baloia, baina atezainak barrutik atera zuen eta Susaetak eskuinez sartu behar izan zuen bigarrenez baloia. Puntu bat partida txar batean. Sasoi luze batean beti daude horrelako egun aldrebesak.
GRANADA 2. ATHLETIC 2
Siestaren ostean, puntu bat
Azken hilabeteetako neurketarik txarrena jokatu du Athleticek, Granada apalaren aurkaZuri-gorriek jokalari bat gehiagorekin jokatu dute bigarren zati guztia, baina ez dute erreakzionatu azken txanpara arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu