TXIRRINDULARITZA

Simon Clarkek irabazi du Vueltako laugarren etapa

Tony Martin izan da bigarren, eta Assan Bassayev hirugarren. Alejandro Valverde liderrak erorikoa izan du, eta ia minutua galdu du gainontzeko faboritoekiko. Joaquin Rodriguezek hartu du haren lekukoa lidertzan.

2012ko abuztuaren 21a
18:47
Entzun

Simon Clarkek (Orica) irabazi du Espainiako Vueltako laugarren etapa —Barakaldo eta Valdezcaray artean, 160,6 kilometro—. Tony Martin (Omega) izan da bigarren, eta Assan Bassayev (Astana) hirugarren. Seiko ihesaldi batean azken aldapan gora aurrean mantendu diren bakarrak izan dira. Pelotoian inork ez du haiek harrapatzeko bezain besteko lanik egin nahi izan.

Joaquin Rodriguez (Katuxa) da itzuliko lider berria, Alejandro Valverde (Movistar) orain arteko liderrak 54 segundo galdu baititu eroriko bategatik. 

Eguneko lehen kilometroetan sei txirrindularik egin dute aurrera. Uneoro tropelaren baimena izan dute bidea egiteko, inork ez du ehizarako erritmorik jarri. Hala, iheslariek 12 minutuko aldea zuten helmugatik 25 kilometrora. Garaipena euren artean zegoen.

Etapako garaipenetik urrun, tropelean lehia bestelakoa zen: sailkapen nagusikoa. Helmugarako 30 bat kilometro falta zirela, Sky gogor tiratzen jarri da. Horrek aldatu du lasterketa. Sky jarri eta berehala, erorikoa gertatu da tropel buruan. Zortzi bat txirrindulari erori dira, gehienak Movistarrekoak; Alejandro Valverde liderra bera tartean zen. Skyk bereari heldu dio baina, eta Valverde atzera ere martxan jarri denerako minutukoa zen aldea.

Chris Froomen taldekideen lanak triskantza eragin du tropelean; haizeak saihetsetik jotzen zuen, eta berehala haize-babesak sortu dira. Alberto Contador (Saxo), Joaquin Rodriguez (Katuxa) eta Igor Anton (Euskaltel) aurreko taldean ziren, taldekideez ondo babestuta. Eros Capechi (Liquigas) izan da Skyren lanak atzean utzi duenetako bat, eta hala,  bere taldea ordurako atzetik aurrera zetorren Valverderen Movistarrekin elkarlanean aritu da aurrekoak harrapatzeko. Alferrik, nahiz eta galera behintzat ez den handitu.

Azken mendatean gora, atzoko protagonistetako bat agertu da: Alberto Contador (Saxo). Dani Navarro taldekidea aurrera bidali du lehenik, eta handik gutxira, erasoa jo du. Chris Froomek (Sky) eta Nicolas Rochek (Ag2r) bakarrik eutsi ahal izan diote Saxokoaren gurpilari, baina saiakera kamutsa gertatu da.

Azkenerako, Simon Clarke Tony Martin baino indartsuagoa izan da iheslarien artean, eta berak eraman du garaipena. Faborito nagusien artean, aipagarriena Igor Antonek 30 segundo galdu dituela gainontzekoekiko, eta Alejandro Valverdek 59.

Bihar, 5. etapa korrituko dute txirrindulariek: Logroño-Logroño, 168 kilometro. Ibilbide laua; esprinterrentzako aukera.

Etapako sailkapena

1. Simon Clarke (Orica). 4.30.26.
2. Tony Martin (omega). 2ra.
3. Assan Bassayev (Astana). 22ra.
4. Marcos Garcia (Caja Rural). 55era.
5. Nicolas Roche (Ag2r). d.b.
6. Linus Gerdemann (Radioshack). 57ra.
7. Laurens Ten Dam (Rabobank). d.b.
8. Andrey Zeits (Astana). 1.01era.
9. Bauke Mollema (Rabobank). 1.04ra.
10. jan Bakelants (Radioshack). d.b.

Sailkapen nagusia

1. Joaquin Rodriguez (Katuxa). 13.18.45.
2. Chris Froome (Sky). 1era.
3. Alberto Contador (Saxo). 5era.
4. Bauke Mollema (Rabobank). 9ra.
5. Robert Gesink (Rabobank). d.b.
6. Rigoberto Uran (Sky). 11ra.
7. Dani Moreno (Katuxa). 14ra.
8. Nicolas Roche (Ag2r). 24ra.
9. Alejandro Valverde (Movistar). 36ra.
10. Laurens Ten Dam (Rabobank). 46ra.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.