Movistar eta Euskaltel-Euskadiren mugimenduen zain zeuden gehienak Miguel Indurain Sarian, baina Katuxako txirrindulari batek irabazi du lasterketa: Simon Spilak-ek. 13:00etan Lizarratik abiatu ondoren, 30. kilometroan hamabi txirrindulariko ihesaldian sartu da esloveniarra, besteren artean Beñat Intxausti (Movistar) eta Mikel Landarekin (Euskaltel-Euskadi) batera. Atzean kontrol lanik gabe, zortzi minututik gorako aldea lortu du ihesaldiak berehala, eta helmugara iristeko 40 kilometro falta zirela jo du eraso erabakigarria Katuxakoak. Rohan Denis (Garmin) eta Intxausti saiatu dira esloveniarraren erritmo aldaketari erantzuten, baina ezinean geratu dira berehala.
Ordurako tropelean lanean hasita zeuden Burgos BH, Euskaltel-Euskadi eta Movistar, baina bost minutuko aldearekin ekin die azken hogei kilometroei. Spilak-ek indarrak ondo neurtuz igo du Erraul, eta gozatu egin du gero Puyko santutegira bidean. Azken 900 metroetan ere, %9ko batez besteko aldapan, ez da lehertu esloveniarra, eta Dani Moreno taldekideak iaz egindakoa errepikatu du gaur. Igor Anton (Euskaltel-Euskadi) sailkatu da bigarren, eta Peter Stetina hirugarren.