Kirola

Sinadura faltak eten du Olinpiar Jokoetako ametsa

ESAITek ardura politikoak eskatu dizkio Jaurlaritzari, wushu selekzioa Pekinen egotea galarazteagatik.

2008ko ekainaren 25a
17:16
Entzun
Gotzon Hermosilla

Sinadura bat falta zen euskal selekzio ofizial batek estreinako aldiz Olinpiar Jokoetan parte hartu ahal izateko, erakustaldi-kirolen atalean bazen ere. Sinadura hori ez da ailegatu, eta, hortaz, aurten ere ez da euskal ordezkaririk izango Olinpiar Jokoetan. Eusko Jaurlaritzaren Kirol zuzendaritzak eman behar zuen sinadura hori eta, hori dela eta, «erantzukizun politikoak» eskatu ditu ESAITek, «Euskal Herriak ez baitu merezi hori egiten duen Kirol zuzendariak ardura horretan jarraitzea».

Wushu borroka mota ez dago onartua olinpiar kirol gisa, baina horren jatorria Txinan dagoenez, eta aurtengo Olinpiar Jokoak Txinan egingo dituztenez, erakustaldi kirolen atalean sartu dute. Edozein estatu, nazio edo lurraldek du erakustaldi horretan parte hartzeko eskubidea. Baldintza bakarra eskatzen du horretarako IWUF Nazioarteko Wushu Federazioak: herrialde horretako federazioa tokian tokiko gobernuak onartua izatea. Beraz, nahikoa zen Eusko Jaurlaritzaren Kirol zuzendaritzak euskal wushu federazioa onartzea, horrek Olinpiar Jokoetan esku har zezan. Baina ez du egin.

ESAITeko kideek «oso larritzat» jo dute gertatutakoa, «aurten benetako aukera izan delako Euskal Herriak, lehenengo aldiz historian, kirol selekzio batekin Olinpiar Jokoetan parte hartzeko, eta Eusko Jaurlaritzak galarazi du». Horixe nabarmendu du Martxel Toledo ESAITeko eledunak: «Oraingoan ez dira Frantzia edo Espainia Euskal Herria Olinpiar jokoetan ez egotearen erantzuleak. Eusko Jaurlaritzak kanporatu du Euskal Herriko wushu kung fu selekzioa Olinpiar Jokoetatik».

Hortaz, «ardura politikoak» eskatu ditu ESAITek, «auzi honen larritasunak neurriak hartzea eskatzen baitu», eta dei egin die eragile guztiei, bereziki Eusko Jaurlaritza osatzen duten hiru alderdiei, horren inguruko iritzia eman dezaten.

Euskal wushu kung fu federazioko kide David Bustamantek esan duenez, 1991n erabaki zuen euskal federazioak judo federaziotik alde egitea, «euskal selekzio gisa parte hartzen uzten ez iolako». Geroztik, hainbat aldiz saiatu da Jaurlaritzak selekzio ofizialtzat onar zezan, baina ezetza jaso du beti. «Guk legea bete dugu, baina Jaurlaritzak ez du federazioa onartu nahi izan, federazio asko daudela argudiatuta».

Izan ere, Eusko Jaurlaritzak judo federazioa hartzen du aintzat ekialdeko borroka arteei dagokienez, «eta ez dira konturatzen judoa eta wushua ez direla gauza bera, futbola eta pilota gauza bera ez diren bezalaxe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.