Kostata iritsi da, baina iritsi da. Lagun Arok badauka entrenatzaile berria. Lema Sito Alonsori ematea erabaki dute, eta taldeko tradizioari jarraipena eman: garaipen gosea, hazteko gosea duten entrenatzaileak fitxatu. Ezaugarri hori du Sito Alonsok (Madril, Espainia). Gaztea da, 35 urte, baina eskarmentu handia du. Bost urte egin ditu Joventuten. Hiru Aito Garcia Reneses entrenatzaile ezagunaren laguntzaile egin zituen, eta urte eta erdi entrenatzaile nagusi izan zen. Laguntzaile jardunean egon zen tartean Euroligako Top16a jokatu zuen Joventutek, eta hirugarren sailkatu ACB ligan. Espainiako Kopa bat eta Eurocup txapelketa bat ere irabazi zituen Joventutek.
Entrenatzaile nagusia izan zela sasoi bakarra egin zuen oso-osorik, eta Joventut ligako bosgarren postuan sailkatu zen. Joko bizkorra egin zalea dela erakutsi zuen denboraldi horretan, Joventutek 83 puntu sartu baitzituen partidako. Hiruko jaurtiketak eta batez besteko asistentzia kopuru handia izan ziren Badalonako taldearen baliabide garrantzitsuenak. Alonso 2010eko martxoan kendu zuten kargutik, emaitza bolada txar baten ostean Joventut jaisteko postuetara gerturatuta.
Joventuten erakutsitako joko ereduak ez du esan nahi Lagun Aron ere antzekoa gertatuko denik. Alonsok gidatutako Joventuten jokalari gazteak ziren nagusi, eta horregatik zen bizkorra bere jokoa. Lagun Aron joko pausatuagoa egitera ohituta dauden jokalari beteranoagoak daude, etadenboraldi-aurrera arte itxaron beharko da zein estilorekin jokatuko duen jakiteko.
Litekeena da Alonsok berak xehetasun batzuk ematea gaurko aurkezpenean. Taldea osatzeko lehen pausoa entrenatzailearen izena jakitea zen, eta orain, Alonsoren lehentasunak zeintzuk diren ezagutzea izango da. Gipuzkoa Basketek kontratudun bost jokalari ditu: Javi Salgado, Jimmy Baron, Andy Panko, David Doblas eta Ander Lasa.
Bestalde, Txus Bidorretak Alacant zuzenduko du heldu den sasoian. Gipuzkoa Basket zuzentzeko hautagaien artean egon zen. ACBn bi euskal entrenatzaile egongo dira: Laso eta Bidorreta.
Sito Alonsok du lema
Bi urterako sinatu du Lagun Arorekin, eta Joventuten egindako bost sasoiak ditu bermerik handiena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu