Denbora askoan gogoratu beharrekoa izango da gaurko etapa, Euskal Herriko Itzuliko bosgarrena, Eibarren hasi eta Beasainen amaitu dena. Euria, elurra ere bai tarteka, hotz handia... eta ibilbide gogor-gogorra izan dituzte txirrindulariek, eta ikaragarri sufritu dute.
Kostata sortu da ihesaldia, hamar lagunekoa, baina Andrew Talanski (Garmin) tartean sartuta, estu lotu du Skyk aurreko taldetxoa. Minutu eta erditik behera une oro, ez du biderik egin ihesaldiak, baina tropeleko beste mugimendu batek estutu du gehien liderraren taldea, Sky.
Omar Frailek eta Amets Txurrukak (Caja Rural) oso urrutitik jo dute erasoa, eta, aurrekoak harrapatuta, 55 kilometro falta zirela bakar-bakarrik joan da aurrera bizkaitarra. Minutu eta erdiko aldea ere lortu du Frailek, baina Olaberriko azken paretak ito du.
Porte, azken kilometroetan
Sergio Luis Henao (Sky) liderra bera buruan zela egin dute azken igoera, eta azken metroetan mugitu da Samuel Sanchez ere (Euskaltel-Euskadi), jaitsiera buruan. Baina Skyk maisutasunez jokatu du momentu horretan ere. Henao joan da aurrera Sanchezekin, eta Lazkaon, denek bat egindakoan, Portek (Sky) hartu ditu metro batzuk taldetxoan.
Nahikoa erlojupekoan artista handia den australiarrarentzat. Etapa eta lau segundoko aldea Porterentzat, eta lidergoa eta bigarren postua, Skyrentzat. 24 kilometroko erlojupeko gogorrarekin amaituko da bihar Itzuilia, azken urteotako gogorrena. Henao dago buruan, eta sei segundora daude Nairo Quintana (Movistar) eta Porte.