Sailkapen horri so eginda, bistan da txanda borrokatu eta tentsio handikoak gertatuko direla. Abadiñok eta Beti Gaztek beren lehia propioa izango dute txapela janzteko. Sailkapeneko lehen jardunaldian, Abadiño nagusitu zen, baina Gatikako bigarren jardunaldian Beti Gazte. Nafarrek bi tiraldiak irabazi zituzten (6'5'' eta 3'40'').Gaurkoari begira, nafarrak saiatu dira beren oinetakoak gainerako taldeen modura prestatzen, epaileek ez baitute aldatuko orain artean erabaili duten jarrera oinetakoen legetasuna kontrolatzeko; hori izango litzateke behinik behin egokiena aurreko asteburuan sortutako eztabaidaren ondoren.Nafarrek ez dute aldaketa handirik egingo zortzikoan eta ikusteko dago Abadiñok zein atzelari jartzen duen. Beste lehia polita Arrizkuzubik eta Torrekolandak izango dute, lehen jardunaldian Arrizkuzubi gailendu zen. Gatikan, berriz, elkarren arteko txandan parra egin zuten, sailkapenean Torrekolanda nagusitu zelarik. Altamirak saio ona egiteko asmoa du, baina tinko lehiatu beharko da, Auzolanek etxean tiratuko baitu.
640koan ere borroka estua; Badaiotzek txapela buruan
Igandean, txapelketako txandarik txalotuena ikusi ahal izango dute Abadiñoko Matiena pilotalekura hurbiltzen direnek. Izan ere, Abadiñok eta Beti Gaztek zortzikorik onenak kantxaratuko dituzte, sailkapenean erabailtakoarekin alderatuta bizpahiru aldaketa eginda. Erandion jokatu zuten bigarren jardunaldia, eta Beti Gaztek tiraldi guztiak irabazi zituen. Sei taldeok ariko dira finalean, lehen faseko sailkapena kontuan hartuta: 1. Beti Gazte (14 puntu), 2. Abadiño A (12 p.), 3. Abadiño B (10 p.), 4. Altamira (8 p.), 5. Torrekolanda (6 p.), 6. Auzolan (4 p.).
Nesken 520koak badu txapeldungai ahalmentsu bat: Gasteizko Badaiotz. Pisu horretan aldea egin du aurreko bi saioetan (13 p.). Norgehiagoka estua Gaztedik eta Torrekolandak izango dute 2. postuaz jabetzeko, 7na punturekin baitira. Imotz da 4. (4 p.) eta Auzolan 5. (2 p.).
-
Iazko sailkapenak
560 kilo (gizonezkoak)
1. Abadiño (Bizkaia) 6 puntu
2. Beti Gazte (Nafarroa) 5 puntu
3. Auzolan (Gipuzkoa) 4 puntu
4. Torrekolanda (Bizkaia) 3 puntu
5. Arrizkuzubi (Araba) 2 puntu
6. Altamira (Bizkaia)puntu 1
640 kilo (gizonezkoak)
1. Abadiño A (Bizkaia) 6 puntu
2. Beti Gazte (Nafarroa) 5 puntu
3. Torrekolanda (Bizkaia) 4 puntu
4. Altamira (Bizkaia) 3 puntu
5. Auzolan (Gipuzkoa) 2 puntu
6. Abadiño B (Bizkaia) puntu 1
520 kilo (emakumezkoak)
1. Badaiotz (Araba) 4 puntu
2. Auzolan (Gipuzkoa) 2 puntu
3. Imotz (Nafarroa) 3 puntu
4. Torrekolanda (Bizkaia) puntu 1