txirrindularitza

Solerrek irabazi du Tourrean eta Vinokurovek denbora galdu du berriro

Mayo gaur ere oso ondo. Astarlozak etapa ona egin du.

2007ko uztailaren 17a
18:04
Entzun
Juan Mauricio Solerrek irabazi du gaur Frantziako Tourreko bederatzigarren etapa (Val d’Isere-Briançon, 159,5 kilometro), eta Alexandr Vinokurovek agian adio esan dio itzulia irabazteko aukerak izateari, faboritoekiko ia hiru minutu galdu dituelako.



Maila bereziko bi mendate igo dituzte (I'Iseran 15. kilometroan eta Galibier 122.ean) eta lehen mailako bat (Telegraphe 99.ean), eta Galibierrek jarri ditu gauzak bere tokian, Alberto Contadorrek erasoa jo duenean. Vinokurov ordurako arazoak pasatzen ari zen eta hantxe gelditu da (99. kilometroan medikuarekin izan da, duela egun batzuk izandako erorikoaz kexu). Galibierretik, baina, Soler pasatu da aurrena, Kilometro batzuk lehenago aldegin du tropel nagusitik hark, eta ihes eginda ziren Mikel Astarlozaren-eta taldea harrapatu eta gainditu egin ditu.

38 segundoko aldearekin iritsi Soler helmugara. Alejandro Valverde izan da bigarren, Cadel Evans hirugarren denbora berean, laugarren Alberto Contador 40ra, bosgarren Iban Mayo 42ra -gaur ere oso ondo-. Michael Rasmussen liderra ere 42ra sartu da. 54era, Christophe Moreau eta Astarloza (hau 12.). Vinokurov 3.25era, besteak beste Haimar Zubeldiarekin.

Sailkapen nagusian Rasmussen doa lider, bigarren Valverde 2.35era, hirugarren Mayo 2.39ra, laugarren Evans 2.41era, bosgarren Contador 3.08ra, seigarren Moreau 3.18ra. Astarloza 11. dago, 5.20ra. Zubeldia 16., 6.42ra. Vinokurov 21., 8.05era.

Bihar, Tourreko hamargarren etapa: Tallard-Marseilla (229,5 kilometro). Laugarren mailako bi mendate izango dituzte eta hirugarren mailako beste bi (azkena, helmugatik hamar kilometrora).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.