Gijongo Sporting taldeak arrazakeriaren kontrako mezua zabaldu nahi izan du, joan den igandean bere zaleek Molinon futbol zelaian erakutsi zuten jokaeraren ostean. Iñaki Williams Athleticeko jokalariak baloia hartu zuen zenbait alditan tximuarena egiten hasi ziren zaleak, eta Gomez Clos epaileak partida eten zuen minutu batez. Tarte horretan Sportingen zelaiko ordezkariarengana joan zen, eta bozgorailuetatik jarrera hori amaitzeko eskatu zien zaleei. Ez ziren oihu horiek gehiago errepikatu.
"Sportingek arrazakeria, xenofobia eta indarkeria jarrera oro gaitzesten du, kirola arautzen duten lege eta arau guztiak betez", esan du ohar batean bere webgunean Espainiako klubak. Horrez gain, taldeko zenbait jokalarik arrazakeriaren aurkako mezua zabaldu dute bideo batean, "Arrazakeriarik ez Molinonen" esanez. "Futbolean inporta duten kolore bakarrak zure taldearenak dira", gaineratu dute.