NIRE TOURRA

Sufrimenduan poza, bai bitxia!

Mikel Astarloza.
2005eko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Arratsalde on esan didate Berriatik, deitu didatenean, eta gaur bai, gaur arratsalde on esan dezaket, gustura gainera. Tourra bukatzeko bi egun falta dira oraindik, baina bukatu denaren sentsazioa dugu denok. Gaur erlojupekoa daukagu eta bihar Parisko etapa, Eliseoetako Zelaian paseoa. Gozatzeko egun bi. Paris hiriko usaina antzematen hasiak gara, 500 bat kilometrora bagaude ere. Etapa bukaeran poztasun keinuak, bostekoa lankideekin, taldeko autobusera igo eta zorionak eman bata besteari... bukatu da sufrimendua eta orain gozatzea dagokigu. Erlojupekoa diziplina gogorra da, 90 minutu eman eta eman, eta Parisen, Eliseoetako Zelaietan ere oso azkar joaten gara, baina sufrimenduarekin gozatzen dugun aukera bakarretakoa da.

Hilabete daramagu miseria pasatzen eta hau bukatzera doalako pozik nago. Badakit agian aspergarri samarra izan naizela, egunero ezinean joan garelako, beti ikaragarri sufritzen dugula esan dizuedalako, baina sinets iezadazue, egiak izan dira kontatu dizkizuedan gauza gehienak, batez ere sufrimendu kontuak.Vincent Lavenu kirol zuzendaria galdezka etorri da, ea igandean zer egin behar dugun. Normalean kirol zuzendariak berak afari batera gonbidatzen gaitu eta nortzuk joango garen zerrenda pasatu du, txirrindularion senideak ere etortzen direlako batzuetan. Denboraldi osoa ematen du 'hau egin, horrela entrenatu, hau jan, bestea ez jan' esaten eta bat-batean, sekulako afaria antolatzen du Parisen. A ze betekada, hartu behar duguna! Ontzi batean afaldu behar dugula uste dut, Sena ibaira erori gabe tentuz ibili beharko dugu (kar,kar).Afari horri festak jarraitzen dio eta normalean, tropel osoa, edo tropeleko txirrindulari gehienak elkartzen gara han. 150 inguruk bukatu dugula uste dut, asko han elkartuko gara. Tourraren handitasunak ere segida du ospakizunei dagokionez.Aurten ez dago gure taldean, baina taldeko parranderoena nor den galdetzen badidazue, erantzuna erraza da: Jaan Kirsipuu. Euskaldunok nahiko parranderoak gara, berez, izaeraz. Euskal Herrian ohitura handia dago parrandak egiteko, txirrindulariok ere bai, pare bat edo, atsedena hartzen dugunean, urrian edo azaroan, eta igandean ere egitea espero dut. Ez naiz frantziarrak edo ekialdeko txirrindulariak bezain berandu oheratuko, ez dut uste, behintzat. Batzuk etxean daudelako eta besteak, euren etxean daudenean, parranda askoegin zaleak ez direlako. Igandean, festa! Bazen ordua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.