«Historiako lasterketarik handiena izango da», esan zuen Enrique Cifuentes Fortuna Kirol Elkarteko presidenteak joan den asteartean, lasterketaren aurkezpenean, eta ez zitzaion arrazoirik falta. Kopuruari begiratuta, behintzat, inoizko lasterketarik handiena izango da aurtengoa. 15.100 lagunek eman zuten azkenean izena iaz, eta 16.300 korrikalari elkartuko dira aurten irteeran. 16.300 horietatik %14,75 emakumezkoak izango dira -2.400 inguru-, eta 6.800 gipuzkoarrak izango dira. «Kantitatea eta kalitatea». Bi kontzeptu horiek aipatu zituen Cifuentesek aurkezpenean, eta, kalitateari dagokionez, irteerarako neurri bereziak hartu dituzte antolatzaileek.
Txiparen kontrol zorrotza
Aurreko urteetan bezala, hainbat koloretako zenbakiak banatu dituzte aurten ere -orain arte maratoi erdian egindako denboraren arabera-, baina oraingoan neurri zorrotzagoak hartu dituzte. Korrikalari bakoitzak txipa izango du, helmugako denbora neurtzeko, baina norberaren zenbakiari ez dagokion tokitik irteten diren korrikalariak zuzenean lasterketatik kanpo utziko dituzte -behar baino atzerago irten daiteke, baina aurrerago ez-. Ezindu fisikoak irtengo dira lehenengo, 10:25ean; zenbaki horikoak eta berdekoak ondoren, 11:00etan; zenbaki gorrikoak atzetik, 11:04an; zenbaki urdinekoak, 11:09an, eta zenbaki laranjakoak eta zurikoak azkenik, 11:15ean -zurikoek laranjakoei tokia utzi beharko diete-. Aurreko urteetako arazorik izan ez dadin, irteeran ura edateko gune eta komun gehiago jarriko dituztela ere jakinarazi dute antolatzaileek.
Eta, Behobia-Donostia lasterketa gehienentzat festa handia bada ere, gizonezkoetan Alberto Juzdado espainiarrak 1999an egin zuen marka (59.23) hausteko asmoa izango dute lasterketa irabazteko hiru faborito nagusiek. Chema Martinez eta Julio Rey espainiarrak eta Kamel Ziani oriotarra dira faboritoak. Martinezek irabazi du Behobia-Donostia lasterketa azken hiru urteotan -iaz 1.01.48ko marka egin zuen-, eta laugarren aldiz irabazteko asmoz etorriko da Donostiara. Inork ez du irabazi lasterketa lau aldiz jarraian.
Emakumezkoei dagokienez, antolatzaileek ez dute zehaztu zein izango dira proba irabazteko faboritoak, baina ez dirudi inor Rocio Rios espainiarrak 1998an lortu zuen marka (1.08.54) hausteko moduan izango denik. Sarah Kerubo kenyarrak irabazi zuen iaz lasterketa, 1.09.27ko denborarekin.
Behobia-Donostia
DATU LAGUNGARRIAKNola iritsi. Renfek eta Euskotrenek tren zerbitzua indartuko dute bihar 07:45etik aurrera, eta Irungo bi tren geltokietatik irteerara joateko ere autobus zerbitzua egongo da etengabe.
Hornitze guneak. Orain arte irteeran, helmugan eta 6., 9., 12. eta 15. kilometroetan egoten ziren guneez gain, 13,5. eta 18. kilometroetan ere egongo dira korrikalarientzat guneak. Bi gune horietan Añarbeko ura egongo da, basoetan.
Gaintxurizketa. Berritu egin dute Gaintxurizketako gaina. Biribilgune handi bat dago han, eta iaz baino ibilbide motzagoa egin beharko dute korrikalariek.
Dutxak. Kontxako hondartzako aldagelak eta Donostiako kiroldegiak eskura egongo dira.
Behobia Txikia. Goizean 8 eta 12 urte arteko gazteentzat lasterketa egingo da, Saguesetik irten Bulebarreraino. 1.500 metro dauzka ibilbideak.
Korrikalarien Azoka. Atzo bezala, gaur ere Korrikalarien Azoka egongo da Donostian, Kursaal jauregian, 10:00etatik 20:00etara. Lasterketarekin zerikusia daukaten hainbat ekintza egingo dituzte han, eta dendak eta produktuak ere egongo dira.
Chema Martinez Atleta
«Irabazi nahi didanak azkar egin beharko du korrika»
U. Zubeldia DonostiaAzken hiru urteetako Behobia-Donostia lasterketa irabazita, laugarren aldiz jarraian irabazteko itxaropentsu dago Chema Martinez (Madril, 1971). Badaki Julio Rey espainiarrak estutuko duela, baina astero 190-200 kilometro egin dituela azalduta, bere burua jarri du podiumeko koskarik altuenean.
Zer moduz iritsi zara Behobia-Donostia lasterketara?
Buruari dagokionez, zoragarri, motibazioz gainezka. Ohorea da azken hiru urteetan lasterketa irabazi ostean Donostian laugarren aldiz jarraian txapela janzten saiatzea. Eta fisikoki ere ezin hobeto nago. Olinpiar Jokoen ostean parte hartu dudan lasterketetan ondo aritu naiz. Azken proban adibidez, Porsmoutheko hamar miliatan -16 kilometro-, Espainiako marka ondu nuen. Oso sasoi onean nago, eta abenduaren 7an Japonian maratoia daukadala kontuan hartuta, azken testa egingo dut Donostian.
Azken urteotan Chema Martinezen izena Behobia-Donostiari lotuta ageri da. Lasterketa honekiko interesa badaukazu, behintzat.
Ohore handia da nire izena lasterketa honekin lotzea, dagoen lasterketarik garrantzitsuenetakoa baita niretzat. Oso proba berezia da, eta estimu handia diot. 16.000 korrikalari ariko gara aurten, baina 30.000rentzat lekua egongo balitz, 30.000k parte hartuko genukeela uste dut.
Aurten babeslea ez da Nike etxea izango, baina, hala ere, hasieratik esan zenuen zuk Donostiara etorri nahi zenuela. Zergatik da zuretzat hain berezia Behobia-Donostia?
Orain urte batzuk, lasterketa hau oso berezia zela entzuten nuenean, ez zela hainbesterako izango pentsatzen nuen. Baina hiru urteotan ikusi dut probak den-dena daukala. Zirkuitua klasikoa da jada, lasterketan parte hartzen duten korrikalari guztiak zaleak ere badira, eta errepide bazterrean ikusle pila bat egoten da. Ibilbide guztian egoten da jendetza handia, baina azken kilometroa, Bulebarrera iritsi artekoa, izugarria da. Korrikalariok eduki dezakegun sentsaziorik harrigarriena edukitzen dugu hor. Lasterketak 20 kilometro ez, 18 dauzkala esango nuke, azken kilometro eta erdian airean eramaten baikaituzte. Zoragarria da.
Aurtengo lasterketa irabaziz gero, lau aldiz jarraian irabazi duen atleta bakarra izango zara. Motibazioa edo presioa, zer sentitzen duzu?
Presiorik ez daukat, parte hartzen dudan lasterketa guztietan irabazi nahi izaten baitut. Akats hori daukat. Gehienetan ez dut irabazten, baina beti pentsatzen dut irabazi egingo dudala. Beraz, beti izaten dut presio hori. Baina faboritoa naizela? Horrelako esanekin are gehiago motibatzen naiz normalean. Hazi egiten naiz.
Julio Rey, Kamel Ziani, Alberto Juzdado... Kontrariorik ez zaizu faltako.
Aurten Julio Rey izango da aurkaririk gogorrena, Espainiako maratoiko markaren jabea baita, eta izugarrizko garaipen zerrenda baitauka. Adidas (Rey) eta Nikeren (Martinez) arteko lehia polita izango da. Baina Kamel Zianik ere ondo prestatzen du lasterketa hau, eta bera ere aurkari arriskutsua izango da. Hala ere, ez diet aurkariei begiratzen. Sasoi onean nago, eta irabazi nahi didanak azkar egin beharko du korrika.
1.01.48. Hori izan zen zure iazko marka. Alberto Juzdadoren markara (59.19) irits zaitezkeela uste duzu?
Marka hausteko gogoa daukat, baina badakit gauza askok egin behar dutela bat horretarako: proba hasieratik lehiakorra bada, eguraldi ona egiten badu... Iaz egon nintzen markatik gertuen, eta hausteko gai naizela uste dut.
Podiumerako izenak eskatuz gero...
Neure burua jarri nahiko nuke podiumeko koskarik altuenean, eta atzetik Kamel [Ziani] edo Julio [Rey], bietako edozein. Apustua egin beharko banu, neure buruaren alde egingo nuke.
Zuek marka daukazue buruan, baina lasterketak 16.300 parte-hartzaile dituela kontuan hartuta, zein aholku emango zenieke horiei guztiei?
Betetzeko moduko helburua jartzea da ezinbestekoa. Prestaketa handirik egin ez dutenek ez dezatela izugarrizko marka egiteko helbururik jarri. Goza dezatela. Festa handia da, eta ez daitezela ero moduan irten. Probaren lehen zatia erosoago egitea hobe da, amaieran gozatzeko.