Munduko txapeldun izateko, latz sufritu eta izerditu beharra dago, eta hori zer den ondo baino hobeto dakite Egiguren II.ak eta Hernandezek. A zer nolako finala eskaini zutena atzo Donostiako Balda pilotalekuan, Goikoetxearen eta Alliezen kontra. Bero zakarra egin arren, eta zesta-puntan aritzeko giro ona ez izan arren, ikuskizuna eman zuten lau puntistek, eta bi bikoteek merezi izan zuten garaipena. Ordea, bi buru estaltzeko soilik izaten dira txapelak, eta Egiguren II.ak eta Hernandezek lortu zuten irabaztea. Ondo merezita. Azken txanpara osoago heldu ziren, eta 35-29 izan zen azken emaitza.
Urrezko lerrotan gordetzeko moduko norgehiagoka izan zen. Lehenengo tantoa bera oso izan zen gogorra, eta handik aurrerakoak ere, antzerakoak. Goikoetxeak eta Alliezek sendo ekin zioten partidari, hutsik egin gabe. Horri esker, hiruzpalau tantoren aldearekin ibili ziren maiz. Egiguren II.a, baina, ez zegoen barkatzeko. Etxean jokatu zuen, Donostian, eta zaleen laguntza baliaturik, tanto ederrak egin zituen, horma-bikoari esker gehienak. Hala, pare-parean ibili ziren sarri (9-9, 12-12...).
Nekea azaltzen hasi zen, eta urduritasuna ere bai. Alliezek esperientzia falta igarri zuen apur bat, eta normalean huts egiten ez dituen pilotak galdu zituen. Aukera ez zuten alferrik galdu irabazleek, eta abantailarekin jokatu zuten. Galtzaileak atzetik joan ziren, eta zaila da hala jokatzea. Partidaren azken txanpara osoago heldu ziren Egiguren II.a eta Hernandez, eta berehala, bederatzi tantoren aldea zeukaten markagailuan.
Orduan esnatu zen Goikoetxea. Kale edo bale jokatzeari ekin zion, eta asmatu zuen. Horma-biko apartak jo zituen, eta 33-29 hurbildu zen. Ordea, beranduegi zen ezer egiteko, eta irabazleek txapela jantzi zuten. Ia bi ordu iraun zuen partidak, eta Baldara joandako zesta-punta zaleek ikuskizun ederraz gozatu zuten. Hirugarren eta laugarren posturako neurketa ere gogoangarria izan zen. Azkenean, Erkiaga eta Enbil nagusitu ziren Garcia eta Lopezen kontra.
Binakakoa bukatuta, banakako munduko txapelketa hasiko da ostiralean. Atzo ,Goikoetxea izan zen partidako onena, eta hura da modalitate horretan txapela janzteko hautagai nagusia.
Sufritzeak asko balio du
Egiguren II.ak eta Hernandezek 35-29 irabazi dute munduko txapelketako finala, ia bi orduko partida batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu