Freskura falta zaio. Pazientzia ere bai. Gurdikada pare bat. Baina kastak hor segitzen du. Dohain hori galtzeko, hilabete txar batzuk baino tarte handiagoa behar da, eta, beste baliabide batzuk izan ezean, ona da kasta. Tenkatuta geratzen, partidak askatzeko balio duelako. Eta partidak askatzen asmatzen duenak lortzen duelako altxorra. Altxor garrantzitsua Baskoniarentzat. Dinamika gaiztoarekin hausten duelako. Beste porrot batek min ikaragarria eragingo zien arabarrei, eta derrigorrezkoa zen garaipena taldeari tenple apur bat emateko. Zortea ere lagun izan zuen, azken jokaldiko errebotean, baina kontra ere bai, Fitchek sartutako azken hiruko sinesgaitzean.
Garaipenaz haratago, Baskoniak gaixo jarraitzen du. Gorabeheratsu jarraitzen du. Batzuetan ondo, markagailuan zulo handia irekiz, eta, besteetan, ezin okerrago, aurkariari arnasa handia emanez. Ideia gutxirekin erasoan, trabatuta, Huertas gizakia delako, eta nekatzen den neurrian ezin duelako beti burua argi eduki. Teletovicek nahi eta ezin jarraitzen duelako, eta Baracen biguntasuna amorragarria delako, dagoeneko. Kroaziarrak bospasei saskiratze erraz kale egin zituen saskipean saskia ez txikitzeagatik, eta aulkiko minutu errazio oparoa eman zion Ivanovicek. Bjelicari buruz, hitzik ez. Egon izan ez balitz bezala.
Meritu handiko lana egin zuen San Emeteriok. 38 puntuko balorazio bikaina lortu zuen, hogei puntu sartu zituen, 11 errebote jaso, lau asistentzia eman eta zazpi falta behartu. Taldeko arima izan da sasoiko lehen erdian, eta nekatuta sumatu zaio urtarrilean, baina atzo erabakigarria izan zen. Huertas bezala. Azken errebotea irabazi, eta partida erabaki zuelako, baina galtzeko bidean zegoen partida berdindu zuelako bi hiruko zailekin. Batista ere txukun aritu zen, partida hondarrean egindako kirolaren aurkako falta leloa izan ezik, eta loreak merezi ditu Loganek ere.
Kantxaratu eta egindako lehen lau jaurtiketak huts egin arren, bizkar gainean hartu zuelako taldea azken laurdenean, bost puntu erabakigarri saskiratu eta parekoari, Tripkovici, txapel erabakigarri bat jarrita. Haren balorazioan puntu bat ageri da, baina Loganek askoz gehiago egin zuen. Antzera jarraitzea da, orain, gainditu behar duen azterketa.
Konfiantza emango dio
Baskoniak lehen laurden bikaina egin zuen. Bederatzi puntutan utzi zuen jaurtiketetan oso trakets aritu zen Unicaja. Bigarren laurdenean, ordea, sasoi honetan ia partida guztietan ikusi dugun gabezia eduki zuen taldeak: aurkariari arnasa ematea. Unicaja hirukoak sartzen hasi zen Fitchen, Tripkovicen eta McIntyren eskutik, eta 30 puntu saskiratu zituen hamar minututan.
Bistakoa zen lanerako jantzia jartzen zuenak irabaziko zuela, eta serio ekin zion Unicajak. Beldurra eraginez, hiruzpalau punturen aldeak lortuz. Urduri ari zen Baskonia, kale egiteko arriskuak dakarren dardararekin, eta Huertasek eman zion patxada haren kideei. Bi hiruko, baloiak eskuetan gehien erretzen zuen unean. San Emeteriok beste hiruko bat saskiratu zuen, eta taldeak sei-zortzi puntuko errenta lasaigarria lortu zuen. Edo hala zirudien, aurretik baitzen 74-67 bukatzeko minutu eta erdi eskas falta zela. Batistaren umekeria etorri zen gero, Fitchen zortea, eta Marcelinhoren erabakitasuna. Konfiantza emango dio taldeari. Sufritzen denean gozoagoa delako garaipena.
Sufritzen bada, gozoagoa da
Baskoniak bere sasoi onenetik urrun jarraitzen du, baina garaipen garrantzitsua lortu du kastari esker
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu