Suspertzeko ordua

Garaipen premia duten bi bikote lehiatuko dira gaur, Azpeitian: Xala-Laskurain eta Saralegi-Begino

Xala eta Saralegi, elkar agurtzen, iazko partida batean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Donostia
2012ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Finala ez da hitz egokia gaurko partida definitzeko. Finalak handia behar baitu izan. Ikusgarria. Baina final modukoa jokatuko dute Xala-Laskurainek eta Saralegi-Beginok, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Kale edo balekoa. Garaipen premia larrian dira bi bikoteak, eta txapelketa luzea izan arren, puntuak pilatzen hasteko unea heldu zaie. Aspekoek badute bat, joan den astean lorturikoa; Asegarcekoek alerik ez oraindik. Esnatzeko garaia dute, beraz. Bestela, berandu izan daiteke. Presiopean jokatzera ohituta daude pilotariak, eta gaur horietako egun bat egokituko zaie. Porrota eta agur hitzak sinonimo bihurtuko dira, galtzaileek apenas izango bailukete aukerarik finalerdietan sartzeko. Bai ala bai, burua altxatzeko ordua iritsi zaie.

Joko tristea erakutsi dute orain arteko partidetan; atzelariek, bereziki. Begino eta Laskurain ez dira euren momenturik onenean heldu binakakora. Gozakaitz. Konfiantzarik gabe aritu dira. Autzakoak Arretxe II.a izan du lagun jokaturiko lau lehiatan, baina gaur Saralegik hartuko du haren lekua. Izan ere, Luzaidekoa ez da osatu buruan jaso zuen kolpetik, eta, aste honetan, behintzat, begira egon beharko du. Aukera polita izango du Saralegik. Aukera eta konpromisoa. Edo konpromisoa eta aukera. Ez zaio txapelketan parte hartzeko garairik onena egokitu.

Izenak paper gainean irakurrita, bikote polita osatzen dute Saralegik eta Beginok. Batak errematatzeko, besteak jo. Horixe lukete garaipenaren giltza. Baina pilota ez da bideo joko bat. Aspaldian, are gutxiago. Begino pattal samar ibili da, eta bere eskuin kolpeak funtzionatu ezean, ia ezinezko izango dute aurkariak ezustean harrapatzea. Saralegi aurrelari bizkorra da. Azkarra. Baina atzeko koadroetan abantaila behar du, ezker gantxoa baliatu ahal izateko. Laskurainek Beginoren bizkarrarekin amets egitea albiste ona izango lukete Asegarcekoek.

Dirua garbi irtengo da Xalaren eta Laskurainen alde. Ez daude euren onenean, baina ez egonda ere bikote arriskutsua osatzen dute. Erasoa eta abiadura dira Xalaren indargune, eta sendotasuna eta esperientzia Laskurainen ezaugarri. Titin III.a eta Merino II.a hartu zituzten mendean joan den astean, 22-16. Nahiko eroso. Eta ez bikote kaskar baten kontra, gainera. Garaipen hark arnasa eman zien. Arnasa eta konfiantza. Ongi jokatu zuten, eta aurreko asteetatik hobekuntza nabarmena igarri zitzaien. Bide beretik jarraitzea izango dute helburu gaur, eta bigarren puntua eskuratzea.

Aldez aurretik, norgehiagoka gogorra eta nahiko orekatua espero da. Garrantzi handia izango du partidaren hasierak, horrek baldintzatu baitezake bikote bakoitzaren jokoa. Aspekoen zeregina Beginori lana pilatzea izango da, erditik aurrera erosoago jokatzeko. Asegarcekoek, berriz, tantoa ahal bezain laster amaitzen saiatu beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.