Realaren aurkako derbia galdu izanak min egin die Athleticeko jokalariei. Aste «gogorra» eta gaitza» izan dela esan dute Lezamako prentsa aretotik pasatu diren jokalari guztiek. Derbia galtzea ez da inoren gustukoa, baina askoz ere mingarriagoa da zelaian egin behar den gutxienekoa egin barik bueltatzea etxera. Athleticek gaizki jokatu zuen Anoetan. Hala ere, ez zen egundoko ezustekoa izan talde zuri-gorriak eskas jokatu izana. Donostian jokatu aurretik ere gauzak ez zeudela behar den moduan erakusten hasia zen Joaquin Caparrosek zuzentzen duen taldea. Etxetik kanpo erakusten ari den ohiko ezinak eta zaleen aurreko partidetan izandako arazoek argi eta garbi erakusten dute Athletic ez dagoela bolada onean. Emaitzak ez dira txarrak. San Mamesen irabazten jarraitzen du, eta jaisteko postuak urrun ditu Athleticek - zenbait talde ematen ari diren itxurarekin, oso txarto egin beharko lituzkete gauzak zuri-gorriek sailkapenaren zuloan sartzeko-. Europako postuak, berriz, hiru puntura baino ez dauzka.
Gauza bat argi dago: zuri-gorrien jokoa ez da ona. Noiz izan den ona? Jakinekoa da Caparros Athleticen dagoenetik taldeak sekula ez duela egin joko landu eta erakargarririk. Athleticen jokoan baloiaren jabetzak sekula ez du garrantzirik izan entrenatzaile espainiarrak zuri-gorrien ardura hartu zuenetik, 2007ko udatik. Baina horrek ez du esan gura Athleticek gauzak txarto egin dituenik. Beste arma batzuk maisuki erabili baititu norgehiagoka askotan. Esaterako, talde gutxi daude ligan Athleticen erritmoan jokatzeko gai direnak. Hegaletako jokoari eta estrategia jokaldiei ere etekin handia ateratzen diete jokalari zuri-gorriek. Eta arma horiek baliatuta gola azkar sartu duen partidetan eroso aritu da zelaian, estutasun handirik gabe. Baina azken jardunaldietan zuri-gorriak ez dira gai izan aurkaria kontrolpean izateko baliatzen dituzten dohainak zelaian erakusteko. Bi arrazoik azal ditzakete zuri-gorrien ezina: batzuen ustez, bolada kontua da. Espainiako Ligako talde gehienek dituzte gorabeherak. Athletic sufritzen ari da orain, eta gauzak hobetu arte sufritzen jarraitu beharko du. Bestalde, aurkariek zuri-gorrien jokatzeko erari aurre egiteko bidea aurkitu izana ere egon daiteke Athleticek dituen zailtasunen atzean.
Aurkaria, konfiantzaz lepo
Une honetan zalantza asko daude taldearen inguruan. Bederatzi hilabete irauten duen txapelketa batean beti egoten dira talde baten etorkizuna zehazten duten bizpahiru jardunaldi. Gaur Espanyolen kontra jokatu beharreko partida izan daiteke horietako bat. Athleticek zalantzak ditu. Ez dabil sendo. Eta, gaur, sasoi honetako ezusteko nagusia ematen ari dena izango du kontrario, laugarren postuan eta konfiantzaz gainezka dagoen aurkaria. Mauricio Pochettino etekin handia ari zaio ateratzen talentu handia duten jokalari gaztez osatutako taldeari. Athleticen antzera, zaleen aurrean sekulako indarra ari da erakusten. Estatistikak argigarriak dira: Cornella-El Prat estadioan jokatu dituen zazpi partidak irabazi ditu, hamabi gol sartu ditu, eta bi bakarrik sartu diskiote. Kataluniako taldea, gainera, zuri-gorriek ez bezala, kanpoan ere hasi da emaitza onak eskuratzen: lau puntu lortu ditu etxetik at jokatu dituen azken bi partidetan. Beraz, zalantzaz josita dagoen talde batentzat interesgarria litzateke talde on bati ondo jokatuta irabaztea. Indarra emango lioke.
Athleticeko jokalariei dagokienez, Andoni Iraola prest dago taldeari laguntzeko. Usurbilgo eskuin hegaleko atzelariak min hartu zuen eskuin bikian derbian, baina azkar osatu da, eta ez du huts egingo. Pablo Orbaizek ere ez. Euskarri nafarra ere osatu egin da, eta Caparrosek gaurko partidarako egindako deialdian dago. Baita Koikili Lertxundi, Oscar De Marcos eta Igor Martinez ere. Baliteke Otxandioko ezker hegalekoa hamaikakoan sartzea aspaldiko partez. Llorenteren kide izan daiteke erasoan.
Suspertzeko premia
Azken jardunaldietako joko bolada txarra amaitu gura du Athleticek gaur Espanyolen kontra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu