Ez iraultzarik, ezta ezustekorik ere. Tramitea baino ez da izan Tourreko azken-aurreko etapa. Ez du batere antzik izan iazko erlojupeko apoteosikoarekin. Halakorik ere ez zen espero, ia dena baitzegoen erabakita sailkapen nagusian. 30,8 kilometroko bakarkako saioa jokatu da Libourne eta Saint Emilion artean, eta lehen hamar sailkatuen artean ez da aldaketa bakar bat ere izan. Jakina zen maillot horia ez zela eskuz aldatuko. Ondo lotua zuen Tadej Pogacarrek (UAE), bost minututik gorako abantailarekin. Hartara, Parisko podiumean besoak altxatu aurretik, hanka altxa du gaur. Arriskuak ekiditea izan da liderraren lehentasuna. Sailkapen nagusiko garaipena ospatuz sartu da helmugan. Wout van Aerten (Jumbo) ospakizuna etorri da segidan. Flandriarra izan da azkarrena, aurreko erlojupekoan nahi baino apalago aritu ondoren. Arantza atera du gaur, ibilbidea orduko 51,5 kilometroko abiaduran osatuta. Pogacarren festa girotu duen suziria izan da.
Eskerrak Van Aerten indar erakustaldiari, oso zirrara gutxiko saioa izan baita bestelakoan. Jonas Vingegaarden (Jumbo) jarduna ere aipagarria da, hirugarren izan baita berriz ere, kronometroa haren taldekideak baino 21 segundo beranduago geldituta, eta Pogacarrek baino 36 segundo arinago. Danimarkarrak goi-mailako txirrindularia dela erakutsi du Tour honetan. Aurrenekoz ari da parte hartzen lasterketa frantziarrean, eta bigarren bukatuko du, 5.20ra. Richard Carapazek (Ineos) aurrea har ziezaiokeen, sei segundo eskasera baitzuen sailkapenean. Handiren baten beharra zuen ekuadortarrak, Vingegaard baino gutxiago baita erlojuaren kontra. Ez da ustekaberik izan, eta Ineosekoa podiumeko hirugarren koskara igoko da Parisen, 7.03ko atzerapenarekin.
Bere horretan gelditu da dena liderren arteko borrokan. Pello Bilbao (Bahrain) zen aurrera egin zezakeen txirrindularietako bat, Guillaume Martini (Cofidis) zortzigarren postua kenduz. 1.02ra zeukan frantziarra, eta helburutik 31 segundora gelditu da. Taldearen irratiarekin arazoak izan ditu, eta gailua maillotetik atera behar izan du. Gero, berriz, ez du sartzen asmatu. Amorru biziz ikusi zaio. Hor alde egin dio Martin azpiratzeko aukera orok. 42. amaitu du saioa, onenengandik urruti. Gertuago izan dira Jonathan Castroviejo (Ineos) eta Omar Fraile (Astana), eukal herritarrik onenak: 13. eta 14. izan dira, hurrenez hurren, biak ere Van Aertengandik 1.47ra.
Etaparen lehian, Kasper Asgreek (Deceuninck) dar-darka utzi du erlojua, 36.14ko denborarekin. 23 segundoan ondu du ordura arte indarrean izan den Stefan Bisseggerren (Education) marka. Hortik gutxira irten da Stefan Kueng (Groupama), Europako erlojupeko txapelduna, baina Asgreenek baino 16 segundo mantsoago osatu du ibilbidea. Danimarkarraren esperantza ezerezean utzi du Van Aertek. Azkarrena izan da tarteko bi mugarrietan, eta azken zatia Asgreenek baino astiroago osatu arren, 21 segundo atera dizkio helmugan. Flandriarra ez da onenaren aulkitik altxa etapa bukatu den arte. Pogacarren mehatxua lausotu egin da lehen erreferentziak jakin ahala. Liderrak zortzigarren bukatu du, burua biharko egun handian jarrita.