Polita izan zen, iraun zuen bitartean, baina bideari berrekin beste erremediorik ez dago. Polita izan zen Euroligako lehen parte hartzean final-laurdenetako langara iristea, Europaren begietara hain aurkezpen dotorea egitea, baina une historiko hura joan zen, eta gainean dago egutegia. Euroligarik gabe, haren ahaide txikian, Eurokopan ahaleginduko da Gescrap Bizkaia. Gaur, ezinezkotzat jotzen da ia lehiaketa hori irabazi eta 2013-2014an Euroligara bueltatzea, baina joan den sasoian ere ia ezinezkotzat jotzen zen Fotis Katsikarisek entrenatutako taldeak Euroligako lehen fasea gainditzea, eta gainditu egin zuen.
Euroligako ahalegina garesti ordaindu zuten bizkaitarrek, eta Espainiako Kopatik kanpo geratu ziren. Ligan ere final-laurdenetan agurtu ziren, Baskoniaren aurka, eta halako aho zapore gazi-gozoa geratu zitzaien zaleei. Bikain Euroligan, ez hain ondo lehen itzulian, eta liga erregularrean. Horregatik akaso, iraultza handi samarra gertatu da Bilbon. Ikur izan ziren askok utzi dute taldea. Batzuk eskaintza ekonomiko hobeagoak jasota (Aaron Jackson, D'Or Fischer, Dimitris Mavroeidis), besteak teknikarien erabakiz: Marko Banic kapitain ohia.
Trukean, bost jokalari berri iritsi dira: Nikos Zisis joko antolatzaile greziarra, Fran Pilepic eskolta kroaziarra, Adrien Moerman hegaleko frantziarra, Milovan Rakovic pibot serbiarra eta Lamont Hamilton pibot estatubatuarra. Bost horiei etxeko mutila gehitu behar zaie: Sergio Sanchez hegalekoa.
Partida ofizialik jokatu gabe, Bizkaiak saskipean kemen apur bat galdu duela esan liteke, D'Or Fischerrek errendimendu on-ona eman zuelako joan den denboraldian. Rakovic-Hamilton-Hervelle hirukoak gogortasuna ziurtatzen du, eta Bilbokoen saskipera hurbiltzen denak badaki ez diotela ongietorri samurrik egingo. Gidaritzan eta kanpoko lerroan, ordea, osatuagoa da taldea. Zisis zakur zaharra da, eta Raul Lopezen osagai da, Jackson ez bezala. Pilepicekin itxaropen handia dute, gaztea izan arren, eta Moermanek ere asko erakutsi du azken urteetan Nancyn.
Taldeak azaroan egingo du debuta Eurokopan, eta urrian berrien egokitzapena bizkortzeko asmoa du, Gabonak aldera sasoi onenean egon ahal izateko.
Saskibaloia. 2012-2013 sasoiko ACB liga: Gescrap Bizkaia
Talde berria, erabat, baina kirol helburu zaharrekin
Funtsezkoak ziren hainbat jokalari joan dira, eta ikusteko dago haiek ordezkatzera etorri direnen ekarpena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu