Txirrindularitza. Italiako Giroa

Taldeburu izaerarekin

Sailkapen nagusia buruan dutela ekingo diote etzi Giroari Mikel Nievek, Juanma Garatek eta Beñat Intxaustik

Euskaltel-Euskadiko bederatzi txirrindulariak, atzo, afaltzen, Danimarkara iritsi berritan. EUSKALTEL-EUSKADI.
unai zubeldia
Donostia
2012ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Hamar euskal herritar ariko dira etzitik aurrera Italiako Giroan. Matematika kontuetan zifra biribila da hori. Hain herrialde txikia izateko, kopuru handia da hamar (parte hartzaileen %5); eta hamar horien erronkak aztertuta ere, aspaldiko ilusiorik handienarekin doaz euskal txirrindulariak, taldeburu gisa doazelako hiru: Mikel Nieve (Euskaltel-Euskadi), Juanma Garate (Rabobank), eta Beñat Intxausti (Movistar).

11. postuan sailkatu zen iaz Nieve Giroan, etapa gogoangarri bat irabazita. Erakustaldi aparta eman zuen Gardeccian amaitu zen etapan, 15.ean, zazpi ordu eta erdiko etapan. Giro gogor hura amaitu eta hiru hilabete eskasera, gainera, Vuelta 10. postuan amaitzeko gai izan zen. Igor Anton eta Samuel Sanchez gabe, leitzarrak hartu beharko du taldearen ardura. Kataluniako Voltan erori eta zuntz haustura izan ondoren, 13 lehiaketa egunekin ekingo dio Giroari, nahiko larri. Lehen astean denbora asko ez galtzeko erronka izango du, mendateetan erakutsi duelako onenengandik gertu ibil daitekeela.

Garateren kasuan, urruti geratu dira 2002ko laugarren postua, 2004ko hamargarrena, 2005eko bosgarrena, eta 2007ko zazpigarrena. Lampreren elastikoarekin, Italiako lasterketarekin maiteminduta geratu zen Garate, eta taldeburu argirik gabe, gaztaroko bizipenak biziberritzeko aukera eman dio Rabobankek. Txirrindulari gutxik daukate palmaresean hiru itzuli handietako bakoitzean gutxienez garaipen bat, eta esperientziak ematen duen indarra izango da irundarraren indargunea. Azken urteotan baino lasaiago ekin dio denboraldiari, eta fresko iritsiko da hasierara. Xede jakinik gabe, sailkapen nagusiari begiratu nahi dio irundarrak.

Intxausti, mugarik gabe

Beñat Intxaustik konfiantzaz gainezka ekingo dio Giroari. Lesioak eta Xavier Tondo taldekidearen zorigaiztoko istripua tarteko, denbora askoan nora ezean ibili da muxikarra. Unean uneko agerpen batzuk gorabehera, bi urte zeramatzan etaparik edo itzulirik irabazi gabe, eta indarra eman dio Asturiasko Itzulian lortu berri duen garaipenak. Hiru asteko itzulietan inoiz ez du lortu erregulartasunik. 60. postuan amaitu zuen 2009ko Vuelta, erretiratu egin zen 2010ean, eta 86. postuan amaitu zuen iaz. Tourrean, berriz, ilusioz gainezka joan zen iaz, baina ez zuen amaitu. Giroan debuta egingo du Movistarrekoak, eta ikusi egin beharko da hirugarren astera nola iristen den. «Etapa garaipen bat eta sailkapen nagusia» dauzka begiz jota.

Hiru taldeburu horien ondoan, beste zazpi euskal herritar ere abiatuko dira etzi Herningetik, Danimarkatik. Nieveri lehen hamarren artean sartzen laguntzeko helburu argiarekin joan dira zazpi horiek Danimarkara —Victor Cabedo da Euskalteleko bederatzigarren txirrindularia—: Amets Txurruka, Iban Belasko, Miguel Minguez, Juanjo Oroz, Ion Izagirre, Pierre Cazaux eta Adrian Saez de Arregi araiarra.

Txurruka, Izagirre eta Saez de Arregirentzat debuta izango da. Inoiz ez dira aritu Giroan. Hori bai, lehen biak bereziki, sasoi onean iritsi dira, eta mendiko etapetan protagonista izateko helburu argia daukate. Minguez, Oroz eta Cazauxentzat bigarren Giroa izango da, eta Belaskorentzat hirugarrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.