Askatu da korapiloa azkenean. TASek ohar bidez jakinarazi du onartu egin duela Katuxak jarritako helegitea, eta aurten ere UCI World Tourreko taldea izango da Errusiakoa. UCIk txirrindularitzaren lehen mailatik kanpo utzi zuen Katuxa 2012ko abenduaren 10ean, eta profesional kontinental mailako lizentzia atera behar izan zuen lehiatzen jarraitu ahal izateko. Joaquim Rodriguez taldeburuak argi adierazi zuen Katuxa World Tourreko taldea ez bazen beste talderen batera joango zela. Baina azken unean lortu du helburua Errusiako taldeak. UCI Pro Team lizentzia jasoko du berehala, eta denboraldiko proba garrantzitsuenetan lehiatu ahal izango da (Giroan, Tourrean eta Vueltan, esaterako), inolako gonbidapenen beharrik izan gabe.
UCIk bere garaian argitu zuen TASek helegitea onartu eta Katuxa World Tourreko taldea izanda ere hemezortzi taldek osatuko zutela lehen maila —hemeretzi lirateke Katuxarekin—, eta xehetasun hori geratuko da orain argitzeko. Ag2r, Euskaltel-Euskadi, Blanco, Garmin-Sharp, Argos-Shimano, Saxo-Tinkoff eta Katuxa bera leudeke, berez, arriskuan; zazpi talde horietatik seientzat bakarrik dago lekua World Tourrean. Datozen egunetan argituko dute zer egingo duten, baina talderen batentzat ez da samurra izango erabakia.