Taylor Rochestie ere bai

Baskoniak joko gidari ezezagun samar bat hautatu du; Frantzian hamazazpi puntu sartu ditu batez beste

Andoni Urbistondo.
2012ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Ezustekoz ezusteko ari da Caja Laboral Baskonia uda honetan, eta azken mugimendua ere hala hartu behar da. Izan ere, inor gutxik ezagutzen du Gasteizko taldeak fitxatu duen azken jokalaria: Taylor Rochestie da, 27 urteko estatubatuar bat. Joko antolatzaile petoa da, 1,85 metro luze, eta, joko antolatzaile baino gehiago, 1 postuan jokatzen duen saskiratzailea dirudi. Frantziako Ligan aritu da bukatu berri den denboraldian, Le Mansen, eta han lortu dituen zenbakiak aintzat hartzeko modukoak dira: partidako, 17, 4 puntu, 3,2 azken pase eta 3,2 errebote.

Rochestie Houstonen jaiotakoa da, baina Montenegroko herritartasuna ere badu, Dusko Ivanovicek bezala. Ez du, beraz, atzerritar posturik beteko. Bi urterako kontratua sinatu du, Fabien Causeur eta Tibor Pleiss gazteen urte kopuru erdia, eta horrek erakusten du jokalari eginagoa dela. AEBetako unibertsitatetik Europara joan zen, eta Galatasarayn, Turkian eta Alba Berlinen jokatutakoa da.

Izen asko zebiltzan dantzan Gasteizen, baina kinieletan Rochestieren izena agertu ere ez zen egiten. Carlos Cabezas, Jayson Granger, Victor Sada bera eta Real Madrilekin akordiorako oinarria daukan Dontaye Drapperren izenak entzuten ziren, baina Rochestie izan da aukeratua. Pentsatzekoa da besteren bat iritsiko dela, Rochestie-Thomas Heurtelek bikoarekin lemazain postuan herren geratuko delako Baskonia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.