Raul Fernandez. Athleticeko atezaina

«Teknikarien konfiantza ez banu, ez nintzateke Athleticen egongo»

Lehen Mailan lehiatzeko «prest» ikusten du bere burua Raul Fernandezek. Denboraldi amaieran amaituko zaio kontratua, eta ez dago argi Bilbon jarraitzeko aukera emango dioten.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
haritz gallastegi
Bilbo
2011ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Armandoren ordezkoa aurkitzea ez zen lan erraza izan Athleticentzat. Teknikariek Asier Riesgo fitxatu gura zuten. Zuzendaritzak, berriz, etxekoen aldeko apustua egin behar zela esan zuen. Egoera horretan, Raul Fernandez (Bilbo, 1988) aukeratu zuten Gorka Iraizozi lehia egiteko, azken denboraldi bietan Conquensen eta Granadan utzita aritu den atezaina.

Nola ari zara bizitzen Athleticen une gozo hau?

Sentsazio onak ditugu. Orain arte San Mamesen aritu gara indartsu, baina orain etxetik kanpo ere oso lan ona egiten ari gara. Muniain, Llorente… jokalari asko etengabe hazten ari dira. Era berean, atzelariek ere dezente hobetu dute euren jokoa. Talde guztia ari da hobetzen. Gozamen hutsa da taldea jokatzen ikustea. Ni, oraingoz, aulkitik ari naiz disfrutatzen. Oso pozik nago.

Jokatzen ez duenak protagonista nagusien adina gozatzen al du?

Guztiok osatzen dugu Athletic. Lehiatzea eta taldeari laguntzea da guztion helburua, baina aulkian egon arren, garrantzitsua naizela uste dut. Ni ere ari naiz laguntzen.

Nekatuta al zaude norgehiagokak aulkitik ikusteaz?

Ez da egoerarik onena. Gaztea naiz. Jokatzeko eta lehiatzeko irrikaz nago. Maila hartzeko bide bakarra da. Baina, era berean, ezin naiz kexatu. Granada taldetik nator, Bigarren B Mailatik. Orain, berriz, Athleticen jokatzeko aukera eman didate. Ez da aldaketa txarra.

Lehen Maila ezagutzeko aukera izan duzu dagoeneko. Onenen artean lehiatzeko gai ikusten al duzu zeure burua?

Duda barik! Egunetik egunera atezain hobea naizela uste dut. Lehen ailegatzen ez nintzen lekuetara ailegatzen naiz orain. Sentsazio onak ditut. Bide zuzena hartu dudala uste dut. 22 urte baino ez ditut. Prest nago lehiatzea egokitzen zaidanerako. Jokatzea falta zait.

Teknikariek zure dohainetan sinesten dutela uste duzu?

Euren konfiantza ez banu, ez nintzateke Athleticen egongo. Ez da samurra talde zuri-gorriko atezaina izatea. Teknikariek atezain gazte baten aldeko apustua egin izana garrantzitsua da niretzat. Eurek inork baino hobeto dakite zein den egun dudan maila. Nire lana ontzat ematen dute, eta lan ona egiten ari naizela ikusten ari dira. Jokatzea egokitzen bazait, lasai egongo dira.

Atezain gazte batentzat ez al da egokiagoa, maila apalagoko talde batean izan arren, jokatzea?

Urte bi egon naiz kanpoan. Nahiko pozik nago egin dudan lanarekin. Orain, berriz, etxean nago. Ez dut luzerako planik egin behar. Athleticek dituen entrenatzaileekin eta instalazioekin asko ikas daiteke.

Kanpoan zer dagoen ikusi ostean, lehen baino gehiago baloratzen duzu Athleticek eskaintzen duena?

Hala da. 10 urterekin sartu nintzen Athleticen, eta irten nintzen arte ez nuen behar bezala baloratu Athleticek eskaintzen duena. Bizi guztia Athleticen daramanak ez daki zer dagoen kanpoan: klub askoren baliabide eskasak, kobratzeko arazoak… Athleticen ari garenok zorte handia daukagu.

Hasi al zara etorkizunean pentsatzen? Oker ez banago, kontratua amaitzen zaizu...

Ez dut ezertan pentsatu. Oraindik asko falta da denboraldia amaitzeko. Sasoia ailegatzen denean hartu beharko dut erabakia. Bestalde, klubak zein asmo duen ere jakin beharko dut.

Iraizozek ez daukala lehiarik uste du zale askok. Zer esango zenieke zure dohainetan sinesten ez dutenei?

Logikoa ere izan daiteke euren ustea. Finean, oraindik ez dut debutatu. Normala da euren buruan Iraizoz egotea. Jokatzen dudanean egin beharko dituzte alderatzeak. Baina ni lasai nago. Ezin dut gehiago egin.

Espainiako Kopan ez jokatzeak min eman dizu?

Talde askok ohikoak ez direnei aukera emateko baliatzen dute Kopa, baina Athleticen oso garrantzitsua da txapelketa hori. Entrenatzaileak Ligako talde berbera zelairatu zuen bi kanporaketetan.

Jarraitzaileek badakite zein zaren, baina ez dakite zein ezaugarri dituzun. Nola definituko zenuke zeure jokatzeko era?

Bai zelaian eta bai zelaitik kanpo mutil serioa naizela esango nuke. Mutil handia naiz, eta horrek abantaila ematen dit goitik datozen baloietan. Atepean azkarrago eta biziago mugitzen ikasi behar dut. Bestalde, oinekin dudan jokoa hobetu behar dut. Hala ere, nahiko atezain osoa naizela uste dut.

Zein atezain duzu gustuko?

Iker Casillas. Oso ezaugarri ezberdineko atezainak gara, baina nik uste dut atezain gehienontzat erreferentzia dela. Bere lehiakortasuna eta kontzentrazioa ditut gustuko. Une erabakigarrienetan beti agertzen da.

Astelehenean Mallorcaren aurka jokatuko duzue. Orain irabaztea eskatzen dizuete. Badirudi beste ezerk ez duela balio.

Gu beti zelairatzen gara irabaztera. Konfiantza handiarekin gaude. Bolada onak lagundu egingo digu lehiakorrago izaten.

Aldagelan ere aipatzen al duzue Txapeldunen Liga?

Goiz da horretarako. Europako Ligan sartzea lorpen handia izango litzatekeela uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.