TENISA. Azken txanpan

Ferrero, Federer, Clijsters eta Schnyder sailkatu dira Australiako Irekiko finalerdiak jokatzeko

Erredakzioa
2004ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Australiako Irekia azken txanpan da. Atzo, falta ziren lau final-laurdenak jokatu ziren. Ez zen ezustekorik izan, eta faboritoek arazo askorik gabe lortu zuten finalerdietan sartzea. Gizonezkoetan, Juan Carlos Ferrero espainiarrak eta Roger Federer suitzarrak lortu zuten finalerdietarako txartela, Hicham Arazi marokoarra eta David Nalbandian argentinarra bidean utzita.

Ferrerok hiru setetan irabazi zion Araziri: 6-1, 7-6 eta 7-6. Espainiarra jaun eta jabe izan zen aurreneko setean, baina hurrengo bietan marokoarrak estu hartu zuen Ferrero. Araziren susperraldia, hala ere, ez zen nahikoa izan, eta azkenean amore eman behar izan zuen. Federerrek, aldiz, dezente arazo gehiago izan zituen Nalbandian kanporatzeko. Suitzarrak lau set gogor behar izan zituen argentinarrari irabazteko: 7-5, 6-4, 5-7 eta 6-3.

Ferrero eta Federer elkarren aurka ariko dira bihar. Bi tenislarien arteko partidak sari bikoitza izango du. Izan ere, finalerako txartela lortzeaz gain, irabazleak munduko lehen zerrendaburua izatea lortuko du. Beste finalerdia gaur jokatuko da, eta Andre Agassi estatubatuarrak eta Marat Safin errusiarrak neurtuko dituzte indarrak. Agassi da irabazteko faboritoa, iaz bera izan baitzen jaun eta jabe Australiako Irekian. Jokalari estatubatuarra, gainera, ondo baino hobeto moldatzen da Melbourneko pista gainean: azken 26 partidak irabazi ditu jarraian. Safinek, berriz, ezustekoa eman nahiko du. Errusiarra sasoian dago, eta final-laurdenetan Andy Roddickestatubatuarra (munduko lehen zerrendaburua) kaleratu zuen.

Clijstersen esku-hartzea Kolokan; min hartuta dago

Emakumezkoen mailan ere ez zen ezustekorik izan, eta Kim Clijsters belgikarrak eta Patty Schnyder suitzarrak lortu zuten sailkatzea, Anastasia Myskina errusiarrari eta Lisa Raymond estatubatuarrari irabazita. Biek ala biek emaitza oso antzekoak lortu zituzten: 6-2 eta 7-6 Clijstersek, eta aldrebes Schnyderrek. Finalerdietan elkarren aurka jokatuko dute, baina belgikarrak parte hartzea zalantzan dago, mina baitu eskuin orkatilan. Atzoko final-laurdena bukatuta Clijstersek aitortu zuen ez dakiela jarraitzeko moduan izango den. Bihar arte du astia guztiz osatzeko.

Gaur beste finalerdia jokatuko da, eta bertan Justine Henin-Hardenne belgikarra eta Fabiana Zuluaga kolonbiarra izango dira aurrez aurre. Henin-Hardenne da aurrera egiteko faborito garbia. Munduko lehen zerrendaburuak, hala ere, tentuz ibili beharko du, Zuluagak historia egiten jarraitu nahi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.