Tenis jokalari asko Australiako Irekira, denboraldiko lehen torneo handira, nahiko makal iritsi direla ikusi zen atzo Melbournen. Lau partida jokatu ziren, gizonezkoen eta emakumezkoen bina final-laurden, eta bi bakarrik amaitu ziren inolako arazorik gabe. Beste bi partidak, aldiz, bertan behera geratu ziren, jokalarietako batek ez zuelako amaitzerik izan. Arrazoi bera izan zen bietan: osasun arazoak.
Amelie Mauresmo frantziarra izan zen lehen kaltetua. Torneoko laugarren zerrendaburuak ez zuen jokatzerik izan, eta pistara ere ez zen irten. Prentsaurreko bat eman zuen, eta, negarrez, txapelketa uzten zuela iragarri zuen. Mauresmoren erretiroaren ondorioz, Fabiola Zuluaga kolonbiar gaztea finalerdietara sartu da. Zuluagak balentria egin du, torneo handi bateko finalerdietara iritsi den lehen kolonbiarra baita. Zuluagak Justine Henin-Hardenne belgikarra izango du aurrean, lehen zerrendaburua. Horrek Lindsay Davenport (AEB, 5) utzi zuen atzean atzo: 7-5 eta 6-3. Beste bi final-laurdenak gaur jokatuko dira: Kim Clijsters (Belgika, 2)-Anastasia Myskina (Errusia, 6) eta Patty Schnyder (Suitza, 22)-Lisa Raymond (AEB).
Roddick, torneoko lehen zerrendaburua, kanpora
Emakumezkoetan bezala, gizonezkoetan ere bertan behera geratu zen final-laurdenetako partida bat: Sebastien Grosjeanek (Frantzia, 9) ez zuen Andre Agassiren (AEB, 2) aurkako partida amaitzerik izan. Grosjeanek bigarren setean eman zuen amore. Ordurako, frantziarra atzetik zen partidan: 6-2 eta 2-0. Atzokoarekin Agassik 26 garaipen daramatza jarraian Australiako Irekian. Iazko garaipena berriz lortzeko hautagai sendoa da estatubatuarra.
Agassik Marat Safin errusiarra izango du aurrean. Safinek ezustekoa eman zuen eta Andy Roddick estatubatuarra kanporatu zuen, torneoko eta ATPko lehen zerrendaburua, oso lehia parekatuan: 2-6, 6-3, 7-5, 6-7 (0-7) eta 6-4, ia hiru ordu eta erdian. Errusiarrak bikain ospatu zuen bere 24. urtebetetzea.
Gizonezkoen mailako beste bi final-laurdenak gaur jokatuko dituzte: Juan Carlos Ferrero espainiarrak, torneoko hirugarren zerrendaburua, Hicham Arazi marokoarraren aurka jokatuko du. Beste partidan, Roger Federer suitzarra eta David Nalbandian argentinarra ariko dira.
TENISA. Erretiroen eguna
Agassi eta Zuluaga finalerdietan sartu dira, Grosjean eta Mauresmo erretiratu ondoren;
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu