Pilota. EPELen lau t'erdiko txapelketako finala

Tenpluaren urtea

Bizkaia pilotaleku berria lurrikara izan da pilota profesionalean. Bilbo aldean lokartua zirudien afizioa suspertu du, eta kudeaketa sistema berria du, pribatua, EPELeko enpresei estu lotua.

Bilboko Bizkaia pilotalekuko kanpoaldea, aste honetan harturiko irudi batean. Bertan jokatu dira azken hiru finalak. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2011ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Urteko izarra izan da pilota munduan. Pilotariak ia itzalean uzterainokoa. Harri beltz paretadun tenplu dotorea, 3.000 eliztiarrentzako eserlekuekin. Miribillako mendi kaskoan ageri da, ikusgarri. 24 milioi euroko gutizia, edo beharra, iritzien araberakoa da hori, eta lanen atzerapenaren zein arazo legalen eraginez hasiera batean aurreikusitakoa baino bi urte beranduago ateak ireki zituena. Bere inpaktua, halere, telurikoa izan da, lurrikara, zortzi hilabetetan hiru final hartu ditu bere altzoan, eta jaialdi garrantzitsu asko. Bizkaia pilotalekua da, zerbait berezia; haren kudeaketa, era berean, pribatua delako, EPELeko enpresen onespenarekin.

«Arrakasta handia izan da. Bizkaian pilotaleku handi bat eraikitzeko ametsa zegoen, baina ez zen inoiz betetzen. Enpresetan, gure aldetik, bagenuen beldurra finaletan bakarrik beteko zela, baina ikusi da udako ferian zein kanporaketetan sarrera onak egon direla», Iñaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertzialak miresmenez hitz egin du azpiegituraz. Asegarcen ere pozik daude, azalpen ekonomikoa eman du Iñigo Salbidea gerenteak. «Negozio iturri izan da. Bilbon saltzen diren sarrera asko inguruko jendearentzat dira. Bizkaian badago afizioa, azpiegitura falta zen». Joser Ramon Garai, berriz, pilotalekuko gerentea, eta aurretik Jaurlaritzako Kirol Zuzendari eta Euskadiko Pilota Federazioko presidente izandakoa, zuhurragoa da. «Goizegi da balorazioak egiteko, baina egia da hasieran behintzat jendeak ondo erantzun duela».

Garai Custom Sport enpresako kidea da, Giroa enpresarekin batera, pilotalekua, trinketa eta Kirol Etxea kudeatzen duena. Kirol ustiaketaren ardura, baina, Customena da. Duela hiru hilabete iritsi zen kargura —pilotalekua martxoaren 13an inauguratu zen eta lehen hilabeteetan aldundiak kudeatu zuen— Bizkaiko Aldundiak eginiko lizitazioko kontratua irabaziz. Hernaniko Galarretarekin batera kudeaketapribatua duen pilotaleku bakarretakoa da. Garaik eskuduntza akordioa defendatu du. «Kirol instalazioen kudeaketa aldatu beharko litzateke. Azken urteetan hankamotz ibili gara. Administrazio orojakilea izan da, eta hark esaten zuen zer egin instalazioetan, ekimen pribatuari bizkarra emanez. Hori gainditu egin behar da, askoz aberatsagoa da kudeaketa konpartitu bat. Enpresa pribatuak duen eskarmentua, informazioa… hori ezin da baztertu. Kontratua zentzu horretan doa. Guk gauzak gero eta hobeto egin, are eta itzulera handiagoa Aldundiarentzat».

Lizitazioak sei milioi euroko diru laguntza aurreikusten du lau urterako —2012rako, 1.600.000 euro onartu ziren Bizkaiko Batzar Nagusietan—, eta pilotalekuaz gain Kirol Etxearen eta eranskinen kontserbazioaz, kudeaketaz eta ustiaketaz arduratu behar dira Custom eta Giroa. Hortik aurrera, diru sarrera gehienak Aldundiarentzat direla azaldu gu Garaik. «Hemen sortzen diren diru sarreretatik zatirik handiena Aldundiarentzat da. Mailakatua da, irabazi kopuruaren arabera. Lehen mailan %90 da aldundiarentzat, eta portzentaje hori murriztuz doa. Azken mailan, inoiz iritsiko ez garen zifra batzuetan, erdibana banatu behar ditugu ditugu irabaziak. Sistema horrek kudeaketa hobea egiteko ardura bultzatzen du».

Burutxaga lotunea

Pilotalekuaren lizitaziorako aurkezteko baldintzetan gutxieneko kirol helburu batzuk agertzen ziren. Besteak beste, EPELeko txapelketetako hainbat jaialdi, txapelketa ofizialetako final bat eta torneo bat jokatuko zirela ziurtatu behar zuen bere burua aurkezten zuen edozein egitasmok. EPELen onespenik gabe ezinezkoa da gutxiengo horiek lortzea. Boterea handia eman zitzaien enpresei, eta agerian gelditu zen Iñaki Burutxaga Asegarceko presidentea Custom Sporteko kidea dela jakitean. Garairi, ordea, harreman hori aberasgarria iruditu zaio. «Agian eman zaie boterea, baina partida onak ziurtatzen ez baditugu zertarako gaude hemen? Aberasgarri izan daiteke, enpresen inplikazioa oso garrantzitsua da. Enpresak ez badaude hemen, ez etortzearen arriskua dago. Kirol instalazioei bizia eman behar zaie: Zer da Anoeta Reala gabe? Eta Buesa Arena Baskonia gabe? Ez duzu halako eraikin bat egin afizionatu mailako partidak bakarrik emateko. Aldundiak kirol profesionala egongo dela bermatu nahi zuen».

Pilota enpresek, espero zitekeen bezala, begi onez ikusi dute akordioa, baita lizitazioko gutxieneko baldintzak ere. «Pilota mundu txikia da, ez dago hara edo hona joateko aukerarik», aurreratu du Errandoneak, «pilotalekuko gestioan dauden enpresek harreman handia dute pilotarekin, garantia bat da. Customek BIlbon pilota mugimendua egongo dela ziurtatuko du». Salbideak ere bere ikuspuntua azaldu du. «Ez dakit zein puntura arte izan duten boterea enpresek, pilotalekuarekin akordio bat ez baldin badago ezin delako hara joan. Nahiko nuke nik sarrera guztiak orain artekoak bezalakoak balira, hala balitz, urteko pagotxa litzateke akordioa, baina jendeak nola erantzuten duen ikusi beharko dugu. Oinarrian hiru aldeko akordio bat dago, Custom, pilota enpresak eta aldundiaren artean, eta horrek ahalbidetzen du gu etortzea. Aurrerantzean akordio hori kalitatezko partidekin betetzea falta da».

Hamasei jaialdi agertzen dira akordioan, baina 2011n gehiago izan dira. Horietatik hiru, finalak, eta hori akordioan agertzen beharrezko lehen finala 2012ko binakakoa izango dela kontuan hartuta. Bilbo esku-huskako pilota profesionalik ez izatetik indargune nagusia izatera igaro da hamabi hilabete baino gutxiagoan. «Tamaina hartzen asmatu behar dugu», ohartu du Garaik, «oreka behar dugu, lar jaialdi jokatuta, gaizki; eta gutxiegi jokatuz gero ere gaizki, kopuru egokia zein zen aztertu behar dugu. Gosea eta betekada, biak dira txarrak». Egia da, era berean, ikusle arrakastaz gain, kirol arrakasta ere izan da, partida guztiak onak izan direlako. Gerenteak iritzi pertsonala du zorte horri buruz. «Nik uste dut pilotalekuak berak goratzen duela jokoa. Eszenatokiak zerbait du pilotariei euren onena ematen laguntzen diena, bere handitasuna, harri beltz hori…».

Lau final jarraian jokatuko dira Bilbon. Egun handiak eskuratu ditu, eta zaleek erantzun dute. Irtengo al dira finalak Bilbotik? Ala 3.000 ikusleen diru sarrerak arrazoi garrantzitsuegia dira? Ez, azalpena, Errandonearena. «Beste plaza klasikoek ere agertu dute interesa. Gasteizekin hitz egin dugu lau t'erdirako. Beste edozein tokitan bezala lehiakortasuna egotea ona da». Baina ezin da ukatu Bilbon diru kutxa gehiago betetzen dela, beti ere beste hirietako udalek jaialdia diruz laguntzen ez badute. Biharko prezioekin, eta sarrera guztiak saltzen badituzte, alegia, ez dela gonbidapenik oparitu, 199.790 euro bilduko dituzte txarteldegian. Sarrera horiez gain 170 eserleku daude aldundiaren palkuetan, salgai jartzen ez direnak. Diru hori, baina, ez da erabat enpresentzat, alokairu sistema desberdina baita, enpresek ez dute kopuru finkorik. Garaik azaldu du: «Kanon-a etortzen diren ikusleen arabera kobratzen da. Guk enpresek ateratzen dutenaren arabera jasotzen dugu. Ezin dena egin zera da, kobratu eta eurek galerak izatea. Gauzak ondo badoaz denentzat ondo, eta txarto badoaz denentzat txarto».

Palaren «aukera»

Pilotalekuaren lizitazioaren kirol betebeharretan pala profesionala agertzen zen. 40 jaialdi urtean gutxienez, pala motza ezinbestean. Customek Asfedebiko pilotariak hartu eta Innpala egitasmoa abian jarri du. Egunotan binakako ligako finalerdiak jokatzen dira, eta astean bitan antolatzen dituzte jaialdiak, ostiral eta larunbatez. Garairen iritziz, pala «aukera» bat da buruhaustea baino, lehen hilabeteetan ikusle askorik bildu ez diren arren, eta azken pala enpresek emaitza oso onak lortu ez badituzte ere. «Pala hilda zegoen, eta pilotaleku eta kontratu berri hauekin bizitu egin da. Innpala proiektua sortu eta berrikuntza prozesu batean gaude murgilduta. Tanto sistema aldatu dugu, pilotalekua berria da… Bilbotik haratago zabaldu nahi dugu, abiadura lehenetsi jokoan eta telebistarako erakargarri egin». Emanbilbo, Asfedebi… Asmo berdina zuten. Baina pala errentagarri bihurtu al daiteke? «Bai. Ea lortzen dugun, ilusionaturik gaude. Dena den ez dugu nahi Innpala pilotalekuari lotuta dagoen zerbait izatea, enpresak bizitza propioa izatea nahi dugu».

Bizkaia pilotalekuan, baina, dena ez da pilota profesionala, eta ez da bidezkoa dena ikuspuntu merkantilista batekin aztertzea. Egunotan Munduko Pilota Kontseiluko nazioarteko txapelketa jokatzen ari da bertan, ezker-partean zein trinketan, eta ez du sosik ordaindu. Bizkaiko Federazioak ere astean 24 ordu ditu entrenamenduetarako, eta Euskadiko Federazioak ere dohainik jokatu dezake bertan. «Ez dugu nahi gauza erraldoi bat bezala ikus dadin, behe mailetako pilotarekin harreman izan nahi dugu. Sare bat sortu behar dugu pilotalekuaren inguruan», nabarmendu du gerenteak. Erabili nahi duen edozeinek ere dagoeneko alokatu dezake. Pilota eskola ere ez da urrun ibiliko, Bilbon ez baitago askorik. Egongo da pentsatuko duenik eskolarekin hasi beharko luketela Bilbon, pilotaleku erraldoia egin aurretik. Baina tira, hala ere, ezin da ukatu tenpluaren lehen urtea oparoa izan dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.