Tentsioa, neurrian

Final-laurdenetako borrokan sartu nahi du Gescrap Bizkaiak, gaur Miribillan Real Madrili irabazita

Andoni Urbistondo.
2012ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Tren geltokiak Miribillatik urrun samar daude. Atxurikoa 10-15 minutura oinez, eta apur bat urrunxeago Abantokoa. Atxuritik Donostiarantz abiatzen dira trenak. Abantotik Miranda Ebrorantz (Espainia). Bietatik har daiteke Europarako trena, eta bat edo beste arte, bigarren mailakoa da. Europan iraunaraziko dion trena hartu nahi du Gescrapek, baina, trena hartzeko, gau irabazi beharra dauka derrigorrean. Galtzen badu, agur esango dio Top16ari, berdinketaren bat gertatuko balitz Real Madril izango litzatekeelako garaile.

Garaipena lotu osteko borroka izanen da bi taldeen arteko puntu aldearena, baina, atarian, zaila dirudi Gescrap Bizkaiak Real Madril hamasei puntugatik menderatzea, ezinezkoa ez esateagatik. Egoera perfektua litzateke hori, bilbotarrek bigarren postua berreskuratuko luketelako beren multzoan, eta Real Madrili pasatu presioa. Espainiarrek azken bi jardunaldietan lortzen dituzten emaitzak berdintzea nahikoa lukete, Europako zortzi onenen artean sartzeko, CSKA Mosku handia Euskal Herrira bisitan etortzeko.

Garaipen soilarekin Real Madrilek edukiko luke aginte makila, baina haien azken txanpa bizkaitarrena baino gogorragoa da. Unicaja hartuko dute etxean bi aste barru, eta Sienan bukatu Top16a. Malagako taldea joko krisi latza pasatzen ari da, eta kanporatua dago, dagoeneko, baina Sienan irabaztea aski zaila izango da Pablo Lasoren taldearentzat. Gescraoe ere jokatu behar du Montepaschiren aurka, baina Miribillan, eta, italiarrak garaitzea zeregin zaila bada ere, aukeran etxean jokatzea etxetik kanpo jardutea baino hobe.

Fotis Katsikarisen taldeak joan zen igandean Madrilen lortutako garaipen garrantzitsuak egoera aldatu du nabarmen. Atzo zortzi, madrildarrek hankapean ibili zuten Gescrap, eta astindu handi samarra eman. Ligako garaipenarekin balantza berdindu egin da. Bizkaiak badaki Real Madril irabazteko gai dela, eta Real Madrilek ere badaki Miribillan garaile irteteko majo sufritu beharko duela. Fresko baitaude joan den ekaineko porrotak, eta ligako lehen partidan bizkaitarrek madrildarrei irabazitako partida. Erratzeko beldurrik gabe, esan daiteke Gescrpaek neurria hartua diola Real Madrili Miribillan, eta horrek konfiantza ematen dio etxeko taldeari.

Estatistika berezi horrek, eta etxekoek zirt edo zart egin beharreko norgehiagokatan emandako erantzunak. Lehen ligaxkan irabazi egin zuen Gasteizen, larri zebilenean. Larri ez, itotzear zen Istanbulen, eta Fenerbahce menderatu zuen. Ezin ahaztu Miribillan Baskoniaren aurka lortu zuen garaipen ederra, Top16ra eraman zuena. Gaur ere arrakasta eta porrota banatzen dituen marra finaren gainean ibiliko da Gescrap. Erantzungo ote du?

Giro bero-beroa Miribillan

Miribilla efektuak ere bere bultzadatxoa emango du. Igandean, Madrilen, oilartu egin ziren jokalaria, eta muturtuta hartu aldageletarako bidea. Dena ahaztuta dagoela esan dute batzuek eta besteek, baina partidaren gogortasunak iragan gertuko zorrak esnaraz ditzake. Asko dago jokoan, eta errespetu falta izan gabe errespetu faltatzat har daitezkeen keinuak agertu ager daitezke.

Gescrap Bizkaiak badu berrikuntza garrantzitsu bat, Janis Blums osatu egin baita. Sasoi onik gabe, defentsan laguntzeko prest dago letoniarra. Real Madrili dagokionez, litekeena da Ante Tomicek ez jokatzea, faszitisa baitu oin batean.

GESCRAP-REAL MADRIL

Gescrap Bizkaia. Fisher, Jackson, Raul Lopez, Mavroeidis, Banic, Mumbru, Hervelle, D'Or Fischer, Vasileaidis eta Grimau.

Real Madril. Pocius, Tomic, Suarez, Felipe Reyes, Mirotic, Rodriguez, Velickovic, Begic, Carroll, Singler eta Llull.

Lekua. Miribillako pabiloia (10.000 ikusle).

Ordua. 20:30 (ETB1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.