Theo Bos nagusi pistatik kanpo ere

Belodromoa baztertuta, errepidean ere garaile izango dela erakutsi du herbeheretarrak, Eneco Tourrean irabazita

Theo Bos, esprintean lortutako garaipena ospatzen, atzo. COR VOS.
2012ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Olinpiar Jokoetan behar zuen Theo Bosek (Rabobank), Londresko belodromoan dominak pilatzen. Baina Belgika aldean dabil, zoru gogorragoan. Pistako txirrindularitzan nagusi izan ondoren —bost aldiz izan da munduko txapeldun—, errepidera irtetea erabaki zuen orain hiru urte. Ordutik, gutxi aritu da belodromoan bueltaka. Arreta osoa errepidean jarrita dauka jada. Ziklista azkarra da, eta lortu ditu garaipenak. World Tour kategorian, baina, atzo lortu zuen lehena, Eneco Tourreko hirugarren etapan. Eta esprintean behar zuen, noski. Horixe zuen pistan ere probarik kutunena.

Bere taldearen lana bikain aprobetxatu zuen herbeheretarrak. Esprint bideratzaileak ez zituen falta —Mark Renshaw eta Graeme Brown—, eta lekurik onenean hasi zuen esprinta. Urruti samar, aukeran. Baina arazorik ez zuen izan helmugan besoak jasotzeko. Azken metroetan baino ez zitzaion hurbildu John Degenkolb (Argos), etapako bigarrena. Denek etsi behar izan zuten Bosen aurrean, pistan izan zen txapeldun handia izan nahi baitu errepideko esprintetan ere.

Iheslariak izan ziren etapako beste protagonistak, ohi bezala. 188 kilometroko etaparen zatirik handiena egin zuten lasterketa buruan Matteo Bono (Lampre), Laurens de Vreese (Topsport Vlaanderen), Alex Dowsett (Sky) eta James Vanlandschootek (Accent Jobs). Tarte handirik ez zuten lortu, eta kontrolpean izan zituen tropelak une oro. Vanlandschootek beste ahalegin bat egin zuen azkenean. Alferrik, ordea. Hamar kilometro falta zirela harrapatu zituen tropelak.

Ondoren, zoramena. Talde ugari kontrola hartu nahian, txirrindulari azkarrak ondo kokatzeko: Argos, Lotto, Katuxa, Garmin... Lehiatu ere egin gabegeratu ziren jokoz kanpo hautagietako bi: gurpila zulatu zitzaien Marcel Kitteli (Argos) eta Taylor Phinneyri (BMC) —lehena eta hirugarrena izan ziren itzuliko estreinako etapan—.

Eta zoramen horretan, Rabobankek eraman zuen Bos taldeburua lasaien. Azken orduko erasoek ere ez zuten asaldatu. Ondo kokatuta zegoela, esprint luze batekin ito zituen kontrarioak Herbehereetakoak, eta goi mailako lehen garaipena lortu zuen. Degenkolb (Argos) izan zen bigarren, eta Heinrich Haussler (Garmin) hirugarren. Sailkapen nagusian, Jens Keukeleire (Greenedge) belgikarrak jarraitzen du lider, herenegun taldekako erlojupekoa irabazita. Lau taldekide ditu denbora berean.

Contador, «Vueltaren bila»

Eneco Tourrean dabil Alberto Contador ere (Saxo Bank), zigorra bete osteko lehen lasterketan. Zaleen aldetik Belgikan jaso dituen animoak eta babesa «izugarriak» izan direla azpimarratu zuen espainiarrak. Espainiako Vuelta prestatzen ari da han, lagundu dion jende guztiarengatik «irabazi» nahi duelako hiru asteko itzulia. Contadorren ustez, Vuelta irabazteko «zazpi edo zortzi hautagai» izango dira, eta «bereziki zaila» izango du irabaztea: «Taldeek gure esku utziko dute erantzukizun guztia».

Espainiarrak zehaztu zuen erlojupeko luzea —39,4 kilometrokoa, hamaikagarren etapan— eta Asturiasen jokatuko diren hiru etapak «erabakigarriak» izango direla hilaren 18an Iruñetik abiatuko den itzulian. Beretzat lasterketa garrantzitsua eta berezia dela adierazi zuen, «txikitan toki eta errepide horietan» lehiatu zelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.