Bi urte eta 26 torneo segidan zeramatzan Tiger Woodsek (Ameriketako Estatu Batuak, 1975) irabazi gabe, eta bart lortu du atzera garaile izatea, Chevron Wolrd Challengean, Kalifornian (AEB). 278 kolperekin bukatu du torneoa —hamar kolpe azpitik—. Zach Johnson geratu da bigarren, 279rekin.
Arazo pertsonalengatik lehiaketa uzteko erabakia hartu zuen duela 2009an Woodsek —sexuarekiko menpekotasuna izan du, besteak beste—. Hain zuzen, 2009ko azaroaren 27an auto istripua izan zuen eta orduan hasi ziren publiko egiten haren arazoak; 2009ko abenduaren 11n jakinarazi zuen aldi baterako erretiroa hartzea erabaki zuela.
Inoiz izandako jokalari onenetakoa da Woods, hamalau torneo handi irabazi dituelako. Jack Nicklaus du aurretik atal horretan —hemezortzi ditu honek—, baina dagoeneko erretiratuta dago.