Maracana estadioan jaso dute koloretako bost eraztunak dituen bandera. Amaiera ekitaldi ikusgarri batekin amaitu dira Olinpiar Jokoak, eta Eduardo Paes Rioko alkateak Thomas Bach Nazioarteko Olinpiar Batzordeko presidenteari itzuli dio olinpiar bandera. Horrek Yuriko Koike Tokioko gobernadoreari eman dio. Hasi da Japoniako hiriburuaren zikloa. Rioko amaiera ekitaldia kolorez eta musikaz egin dute, eta euria egin arren, dantzan jarri dituzte han bildutakoak. Kirolariak eta boluntarioak omendu dituzte. "Eskerrik asko, Brasil. Maite zaitugu", esan du Bachek.
Ez dira txaloak bakarrik izan, ordea. Rioko agintarien kontrako txistuak entzun dira. Jokoak amaituta, hainbat erronka ditu Brasilek. Batetik, langabezia tasa altuari aurre egin beharko dio, eta, bestetik, ostegunean Senatuan Dilma Rousseff kargugabetzeko saioa hasiko da. Michel Temer gaur egungo presidentea ez da amaiera ekitaldian izan, hasiera ekitaldiko txistuak saihesteko. Zalantza asko zeuden Jokoak hasi aurretik Brasilek horiek antolatzeko izango zuen gaitasunaz. Riok ondo erantzun du, baina, Jokoak amaituta, faktura ordaindu beharko dute herritarrek.
Tokiok lau urte barru izango den hasiera ekitaldiaren aurrerapen bat egin zuen; espero zitekeen bezala, tradizioa eta teknologia berriak uztartu dituzte. Asteazkenean iritsiko da olinpiar bandera Tokiora. Erronka nagusia, oraingoz, izendapenaren eta ikur nagusien inguruan izan diren eskandaluak ahatzaraztea izango da. Tokioren izendapenean hautagaitzak hainbat boto erosi zituela zabaldu dute zenbait hedabidek, eta ikurrarekin eta estadio nagusiarekin ere izan dira gorabeherak. BERRIAren 6. uztaia telebista saioak gaur emango du horren berri, 16:00etan, Rioko Olinpiar Jokoen balorazio bat egiteaz gain.