Urrikal zaitez, urrikal jauna. Izan zaitez Baionako errugbi taldearekin errukarri. Atzo, Baionako Jean Dauger zelaian zeuden zaleek errezu hori eta beste hamaika egin zituzten, Baionak erakutsitako ezinaren aurrean. Anitz espekulatu zen azken asteetan Baionaren blokeo psikologikoari buruz. Atzo, blokeorik ez, ezina, ezina eta ezina erakutsi zuen.
Baiona eta Tolosarenatzoko partidak 12 urteko mutiko batzuen eta All Star talde baten arteko lehiaren traza hartu zuen. Tolosak, irribarrea ahoan, nahi izan zuena egin zuen. Beti aitzina, beti aitzina. Baionak, berriz, sekulako sufrimentuaren ondotik, jokalari bat edo beste lurreratzea lortzen zuen, elastikotik nola edo hala helduta. Aulkian, Christian Lanta biboteari mila itzuli ematen ari zen. Christophe Deylaudi, zelaira sartzeko eta tokatzen zitzaionarekin zartakoka hasteko irrika zerion begietan. Baina, zelaian, errebeldia primario hori ere ez zen etorri baionarrengandik.
Lehoiak noiz irentsiko duen zain, beldurti dagoen katutxoa izan zen Baiona. Ekaitzaren erdian larrialdi deiak behin eta berriz botatzen zituen kapitaina zirudien. Mina ematen zuen baionarrak lurrean ikusteak, eta pena jokaldi guztietan erakusten zuten sufrimendu eta etsipen aurpegiak. Zaleak burumakur egon ziren, eta partida luze, luze, luze egin zitzaien.
Tolosaren entrenamendua
Partidak ez zuen misterio handirik izan. Tolosa izan zen beti erasoan. Entrenamentuan bezala, lasai, patxadaz errepikatuz jokaldiak. Parean, Baiona plakatu eta plakatu. Aldi oro, terrenoa galduz eta zuloak ezin betez. Alta, lau entsegu bakarrik sartu zituen Tolosak. Bost, sei edo zazpi izan zitezkeen. Matanavouk irrigarri utzi zuen Baionaren defentsa, Nyangak bere abiadura erakutsi zuen, eta Bouilhouk jokaldi kolektibo bat lasai-lasai bukatu zuen.
Zer nahi da, gauzak errazegiak direnean, bikain aritzeko osagai guztiak ez dira ezartzen. Gizakiaren natura hori da. Eta Tolosa erritmo faltsu batean sartu zen. Garbiketak errazegi, baloia garbiegi. Eta bere errugbia errezitatzen hasi zen.Tolosak ez zuen aski egin Baiona jipoitzeko. Baina inor ez zen tronpatu. Mundu bat ez, galaxia bat dago Baiona eta Tolosaren artean. Hurrengo astean, Donostian Miarritzeren aurka aritu beharko dute lapurtarrek. Atzoko amesgaiztoa ahanztea hobe dute, eta harrotasuna ateratzea. Baldin badaukate, behintzat.
Tolosak erabat ito du Baiona
Frantziarrek fisikoki txikitu dute Lapurdiko taldea, eta erabateko nagusitasunez irabazi dute (6-35)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu