Arrauna

Tolosaldeak eta Getariak urrats handia egin dute

Kanporaketan, emakumeetan, Tolosaldeak 11,16 segundo eder ditu alde Deusturekiko, eta gizonetan, Getaria izan da azkarrena, eta haren atzetik Meira eta Kaiku sailkatu dira. 4,42 segundoan dira hiru taldeak.

Getaria, barruko ziaboga egiten, Eusko Label ligako kanporaketan, Bermeon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Mikel O. Iribar.
2021eko irailaren 18a
18:57
Entzun

Itsas beteko estropada izan dute gaur Euskotren eta Eusko Label ligetako kanporaketako partaideek, erlojuaren aurka. Olatuak metro eta erditik gorakoak ziren, eta haizeak ipar-mendebaletik zakar jotzen zuen. Baldintza gogor horiek zailtasun handiak eragin dizkiete patroiei eta arraunlariei. Zailtasunak zailtasun, arraun egin beharra zegoen, eta emakumezkoen kanporaketak ekin dio tentsioz betetako estropadari. Hondarribia atera da aurrena, Cabo bigarren, Tolosaldea hirugarren eta Deustu laugarren. Lehen txanpan, Hondarribiak egin ditu lehen metro azkarrenak, eta segundo bateko abantaila atera dio Tolosaldeari. Deustuk eta Cabok, aldiz, nahi baino atzerapen handiagoa zuten ordurako.

Kai-muturraren babesa galdu eta atzean utzi dutenean, ordea, haize kolpe handia jaso dute ontziek, eta arraunketa egonkortzea ezinbestekoa zuten. Egoera aldrebes horretan, Tolosaldea hobeto moldatu da Hondarribia baino, eta ziabogan Patxi Francesen taldeak Ama Guadalupekoa ontzia baino hiru segundo azkarrago egin du. Cabok eta Deustuk, aldiz, bederatzi segundo geroago egin dute ziaboga. Maniobraren ostean, Tolosaldearen ontzia, Aiora Sorozabalen gidaritzapean, arin eta dantzan ibili da, eta aldeak nabarmen handitu ditu; Hondarribiak, aldiz, uste baino gehiago sufritu du; are, Deusturen atzetik amaitu du. Amaieran, Tolosaldeak erlojuari astindua eman, eta bihar saria jasotzeko aukera gehien dituen taldea izango da. Tomatera ontzia bigarrena izan da, 11ra; Hondarribia 17ra; eta Cabo 27ra.

Euskotren ligara igotzeko kanporaketako lehen saioa

1. Tolosaldea 11.38,52

2. Deustu 11,16ra

3. Hondarribia 17,60ra

4. Cabo 27,94ra

Estu joan da Eusko Label ligako kanporaketa, eta itxura guztien arabera, biharko jarduna ere gisa horretara joango da. Gaurko jardunalditik bizirik ateratzea zuten xede talde batek baino gehiagok. Bada, Getariak eman du lehen kolpea. Esperantza bikain moldatu da estropada eremu tekniko eta baldintza narrasean. Ion Larrañagaren taldeak hiru ziabogetan denborarik onenak egin ditu, eta lehen postuak ez dio ihes egin.

Bigarren posturako lehian, aldiz, borroka handia izan dute Kaikuk eta Meirak. Bigarren ziabogan, Bizkaitarra-k Meirari lau segundo ateratzen zizkion, baina kanporanzko hirugarren luzean, galiziarrak hobeto moldatu dira, eta Sestaoko taldea baino segundo bat azkarrago heldu da. Bueu eta Tiran lehiatik kanpo ziren ordurako.

Amaieran, Getaria lehena izan da, baina nahi baino alde txikiagoarekin helmugaratu da, azken bi minutuetan jasandako haize ufadaren ondorioz. 4,06 segundo atera dizkio Meirari, eta 4,42 Kaikuri. Biharko jardunaldian erabakiko da datorren denboraldian zein bi talde ariko diren Eusko Label ligan.

Eusko Label ligara igotzeko kanporaketako lehen saioa

1. Getaria 21.25,56

2. Meira 4,06ra

3. Kaiku 4,42ra

4. Tiran 18,58ra

5. Bueu 23,48ra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.