Tolosari aurre egin nahian

Baionak gaur Top14ko lider sendoaren etxean oso zaila izango du lehen itzuliko puntu premia arintzea

Jean Pierre Elizalde Baionako entrenatzaile berria, ezkerretara, laguntzaile batekin hizketan. BOB EDME.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
2011ko azken partida eta Top14ko itzulerako fasearen lehen partida izanen den honetan, Baionak oso egiteko zaila izanen du. PareanTolosa izanen du, Top14ko txapelduna eta orain arte sailkapeneko lehen postuan dagoena. Hori nahikoa ez, eta Okzitanian jokatu beharko du partida, tolosarren Ernest Wallon estadioan.

Baiona oso leku txarrean dago sailkapenean, jaitsiera postuak lau puntura baizik ez baititu. Lyonek eta Bordelek, gainera, zeinak haren gibelean dauden, partida bat gutxiago jokatu dute, hau da, bi talde horiek gibelatua duten partida irabazita jaitsiera postuetan sartuko litzateke Baiona.

Egoera hori ez da aproposena Tolosa moduko talde handi baten etxera joateko. Baina, ezinbestean, horrela egin beharko du Baionak. Noski, baionarrak ez dira inondik ere faboritoak partida honetarako, baina Tolosa aldean usaian erabiltzen duten estrategia erabili dute. « Anitz kezkatzen nau Baionak. Sasoi honetan Castresek eta berak bakarrik irabazi digu. Badakite nola egin gu zailtasunetan ezartzeko» adierazi du Guy Noves Tolosako kirol zuzendariak partida atarian.

Novesen kezkek diplomaziatik gehiago dute egia handitik baino. Egia da Top14ko lehen partida irabazi ziola Baionak Tolosari etxean (18-13). Aste anitz igaro dira ordutik, eta ez da ahantzi behar garai hartan Tolosak bere jokalari onenak Munduko Kopan zituela. Baiona aldean horretaz jakitun dira, eta argi dute lan arras zaila izanen dutela. «Everest gainditzea bezala izanen da. Harritzeko maila daukate» , onartu du zintzo Cedric Heymans-ek, Tolosako jokalari ohiak.

Heymansentzat partida berezia izanen da, taldekide ohien aurka ariko baita: « Jokalari batzuek elkar deitu dugu azken egunotan, baina lagunik ez da izanen zelaian ». Dena den, Tolosako gibelekoen entrenatzaile eta Baionako kirol zuzendari Jean Pierreren seme Jean-Baptiste Elizaldek Heymans ohartarazi du:« Haren kalitatea denok dakigu zein den. Baina haren ahulguneak nik bezain ongi gutxik ezagutuko ditu! ».

Jean Pierre Elizaldek jarraitutasunaren alde egin du Tolosaren aurka aritzeko. Castresen aurka berdinketa lortu zuen taldearekin alderatuta, aldaketa bakarra egin du. Renaud Boyouden lekua hartuko du Neemia Tialatak. Bestalde, aulkian, Manukula egotea ez da ziurra, gripea baitu. Ez bada osatzen, Boyoud jarriko da aulkian haren ordez. Bestalde, Miarritzek bihar bigarren itzuliko aurreneko partida jokatuko du, Toulonen aurka, etxean (14:15).

TOLOSA-BAIONA

Tolosa. Poux, Giorgadze, Jonhston; Lamboley,Chlusky; Nyanga, Picamoles, Dusautoir; Burgess, Beauxis; Donguy, Jauzion, Fritz, Clerc; Medard.

Baiona. Iginiz, Roumieu, Tialata; Linde, Boutaty; Marmouyet, Lauaki, Puricelli; Philips, Boyet; Rokocoko, Mazars (kap.), Lacroix, Gerber; Heymans..

Lekua. Tolosako E. Wallon estadioa (20.000 ikusle).

Ordua. 21:00 (C+Sport)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.