Txirrindularitza

Tony Gallopinen beste erakustaldi bat

Lottoko txirrindulariak erasoa jo du hiru kilometro falta zirela, atzean utzi ditu Peter Sagan (Cannondale), Michal Kwiatkowski (Omega) eta Michael Rogers (Tinkoff), eta garaipen handia lortu du Oyonnaxen.

11. etapa. BERRIA
unai zubeldia
2014ko uztailaren 16a
17:26
Entzun

Indarrean iritsi da Tony Gallopin (Lotto) Tourrera. Gozatu handia hartu zuen igandean eta astelehenean, maillot horia jantzita, eta beste hainbeste egin du gaur, Tourreko 11. etapan, azken unean erasoa jo, Peter Sagan (Cannondale), Michal Kwiatkowski (Omega) eta Michael Rogers (Tinkoff) atzean utzi, eta bakar-bakarrik helmugaratuta. Ibilbide gorabeheratsuan, zatituta iritsi da tropela helmugara, baina aurre-aurrean zen Vincenzo Nibali liderra (Astana). Bi galtzaile nagusi izan dira: Rui Costa (Lampre), 1.36 minutu galduta, eta Andrew Talansky (Garmin), erretiratzeko zorian egon ondoren, hogei minututik gora galduta. 

Fabian Cancellara (Trek) Tourretik kanpo geratuta, borroka handia izan da etaparen hasieran, eta Martin Elmiger (IAM), Anthony Delaplace (Bretagne) eta Cyril Lemoine (Cofidis) joan dira, azkenean, ihesean. Zazpi minuturen aldea ere izan du hirukoak, baina Cannondalek eta Oricak kontrol lan zorrotza egin dute atzean, eta denak elkarrekin iritsi dira azken igoeretara. Eraso festa handia izan da amaieran, eta hortxe sortu da lau txirrindulariko taldetxoa. Sagan tartean zela, erasoa jotzea erabaki du Gallopinek —aurretik erasoa jota zegoen eta atzetik iritsi ziren hiru txirrindulari—, eta balentria handia lortu du, tropela gain-gainean zuela. 

Bourg en Bressetik Saint Etiennera, Tourreko 12. etapa jokatuko da bihar, 185,5 kilometrokoa. Hirugarren eta laugarren mailako bina mendate igo beharko dituzte txirrindulariek. Ihesaldietarako aproposa da etapa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.