Txirrindularitza

Tony Martinek etapa, eta Froomek Tourrari kolpea

Aurreikuspen guztiak bete dira Tourreko 11. etapan, 33 kilometroko erlojupekoan: irabazi nahi zuen etapa irabazi du Tony Martinek, eta Tourra ia erabakita utzi du Chris Froomek.

unai zubeldia
2013ko uztailaren 10a
18:00
Entzun

Tony Martin (Omega) eta Chris Froome (Sky). Bi izen horiek ageri ziren faboritoen artean Tourreko 11. etapan bi kolpe emateko. Eta biek eman dute ederra. Tourra aurkeztu zutenetik irabazi nahi zuen etapa irabazi du alemaniarrak, eta lasterketa ia poltsikoratu egin du britainiarrak. Sailkapen nagusiari begiratu besterik ez dago. Froome lider, Alejandro Valverde (Movistar) 3.25era; Bauke Mollema (Belkin) 3.37ra; Alberto Contador (Saxo) 3.54ra; Roman Kreuziger (Saxo) 3.57ra... Alde handiak dira dagoeneko. Podiumerako borroka geratu da irekita, hiru minutu pasatxoko aldea besterik ez dagoelako Valverde bigarren sailkatuaren eta Jakob Fuglsang (Astana) 11.earen artean. Mikel Nieve (Euskaltel), berriz, erabat pattal aritu da gaur, 5.21 minutu galdu du Tony Martinekiko, eta 15. posturaino atzeratu da. 8.04ra dago orain, hamargarren postutik 2.25era. Igor Anton (Euskaltel) 20. dago, 10.48ra. Etapan Jonathan Castroviejo (Movistar) izan da euskal herritarrik onena, 10. postuan, 1.52ra. Fougeres eta Tours artean jokatuko da bihar 12. etapa, lau-laua. Beste aukera bat izango dute, beraz, esprinterrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.