«Zaila da gure egoera gibelean uztea. Beti buruaren txoko batean dago». «Umiltasunez joanen gara Italiara; gure egoeran ez da soberan izanen». «Ikusiz nola gauden, irabaztearekin konformatzen naiz». Damien Traille, Benoit August eta Patrice Lagisqueten hitzok argi erakusten dute Miarritze ez dagoela bere garairik onenean. Top 14ko partiden erdiak jokatuta daudela, sailkapeneko azken postuan daude lapurtarrak, eta, noski, egoera horrek ez du laguntzen giro lasaia izateko orduan. Gaur, ordea, burua pixka bat arintzeko aukera dute Trevison, Heineken Kopan.
Montpellierren aurka etxean galdutako partidak (23-30) bere arrastoa utzi du Agileran, eta porrot horregatik maldizioka ibili dira miarriztarrak aste osoan. «Ez da posible hainbeste opari egitea ! Aurkariak zailtasunetan jartzen gaituenean eusten diogu, baina egoera kontrolatuetan, kontzentrazioan huts egiten dugu eta entseguak jasotzen ditugu», adierazi du amorru betean, Patrice Lagisquetek. «Sinestezina da 40. eta 60. minutuen tartean hartzen dugun entsegu kopurua. Buruan dago arazoa, bat-batean partidatik ateratzen gara» erantsi du egunotan du Jack Isaac gibelekoen entrenatzaileak.
Asteak joan eta asteak etorri zuloan, etajokalari zein entrenatzaileen artean frustrazioa igartzen da. «Zinez potentzial ederra dugu. Saracensen aurka erakutsi genuen. Baina detaile txikiak ez ditugu zaintzen. Horrek irabazi beharreko partidak galtzera eramaten gaitu», aztertu du Iain Balshaw gibeleko ingelesak.
Hainbesteko kritiken artean zeinu positibo bat dago: denak, jokalari ala entrenatzaile, diagnostikoan ados daudela eta egoeratik ateratzeko gogoan batasuna sentitzen da, Benoit Augustek argi utzi duenez. «Ute dut denek oso ondo ezagutzen dugula klubaren egoera. Esnatu egin behar dugu».
Orduan, nola egin egoera iraultzeko eta aitzina joateko ? Balshawek bere ustea du. «Gakoa buruan dago. Top 14an urduri gaude. Beti gaizki egin dugunaz oroitzen gara. Peto bat hemen, huts egite bat han, falta bat hor... Orduan dena beltza bihurtzen da eta zelaian ez gara gehiago deus egiten ausartzen». Eritasunaren sintomak ahantzi behar, beraz? «Gauza ez da gaizki doana ez ikustea, ongi egiten ditugun gauzez oroitzea baizik. Positiboki aritu behar gara. Peto bat baldin bada, ez dio axola, eta gauzak ongi egitean elkar lagundu».
Gaizki egitearen beldur da Miarritze. Beldur horretan Top 14eko presio izugarria eta sailkapeneko larritasuna astuna. Europako lehiara itzultzeak egoera lasaitzen lagunduko du Lagisqueten iritziz. «Egutegi aldetik, ez da bortxaz txarra hurrengo bi partidak Heineken Kopakoak izatea». Baina, noski, italiarrekin argi ibili behar. Denek dute buruan iragan sasoian Miarritzek Aironiren zelaian jasan zuen porrot historikoa (28-27). «Lezio ona izan zen denentzat, eta aldi honetan abisatuta goaz», dio Damien Traillek. «Orain ez dago garaipen errazik italiarren aurka» ohartaraz du Augustek. Trevisoz ez dira fio entrenatzailea. «Liga zeltan ari dira, eta aurkari onak dituzte astero. Horrez gain, epaile britainiarrek epaitzen dituzte orain. Italiakoekin alderatuta, askoz hobeak dira, eta horrek lehen italiarrek faltak egiteko zuten joera anitz txikitu du».
Miarritzek gogotik egin beharko du lan Trevisoren joko zuzena gelditzeko. Partidan Imanol Hariñordokiren hutsunea izango du. Bizkarrean min du garaztarrak, eta atsedena behar du. Yachvilik ere eguberriak baino lehen ez du jokatuko. Berri onei dagokionez, Wenceslas Lauret osatu da eta hasieratik ariko da. Damien Traille, bestalde, ez dago gehiago eri, eta hasieratik zelairatuko du Lagisquetek.
TREVISO-MIARRITZE
Txapelketa. Heineken Kopako lehen faseko 3. jardunaldia.
Treviso. Rizzo, Ceccato, Cittadini; Pavanello, Van Zyl; Barbieri, Zanni, Derbyshire; Botes, Burton; Williams, Sgarbi, Benevenutti, Nitoglia; Mc Lean (kap.).
Miarritze. Barcella, August, Johnstone; Thion (kap.), Taele; Lauret, Gray, Faure; Lesgourgues, Bosch; Bolakoro, Traille, Baby, Ngwenya; Balshaw.
Epailea. J.P. Doyle
Ordua. 14.30.
Lekua. Monigoko Stadio Comunale (7.000 ikusle).
Multzoa. 1. Saracens (6 pt); 2. Ospreys (6 pt.); 3. Miarritze (5 pt.); 4. Treviso (2 pt.).
Top 14tik ihes egin ahal izateko
Miarritzek parada ona du Trevison Heineken Kopako kanporaketetara hurbildu eta etxeko komeriak ahanzteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu