Sei Nazioen Torneoak aitzina segitzen du, eta Top14ak ez du atsedenik izanen asteburu honetan, eta Baionak eta Miarritzek lehiaketa horretan aitzina egiten jarraitu nahi dute. Miarriztarrak aitzinako postuetan sendo kokatuta daude 48 punturekin, eta baionarrak zortzigarren postuan daude, 44 punturekin.
Gaur arratsaldeko bi partiden artean, Miarritzek izanen du lanik zailena. Agilerako hamabostekoa Parisen ariko da, Stade Francais taldearen aurka (20:45, Canal+ F). Miarritzek sasoi honetan ukan ez duen egoera kudeatu beharko du. Izan ere, xuri-gorrien sasoi hasiera ona dela-eta, lau jokalari Frantziako selekzioarekin izanen dira: Hariñordoki, Thion, Yachvili eta Traille. Ondorioz, ez dira Miarritzerekin arituko. Taldearen hezurdura osatzen duen laukote garrantzitsu hori gabe jokatzen asmatu beharko dute lapurtarrek.
Gainera, Stade ez dago opariak egiteko moduan. Sasoi hastapena ez da espero bezain ona izan Parisen, eta puntu behar gorrian dago. Sailkapeneko bederatzigarren postuan dago, 40 punturekin, eta Heineken kopa jokatzeko postuak nahi baino urrunago ditu. 2000. urtean nagusi izan den taldea da Stade, Miarritze eta Tolosarekin batera. Bere garaipen tradizioari jarraiki, pentsaezina litzateke Heineken kopatik kanpo gelditzea, eta hil edo bizi ariko dira gaur.
Baiona, puntuak pilatzera
Bizkitartean, Baionak paperean askoz partida errazagoa izanen du Bourgoinen aurka (14:00etan, Jean Daugerren). Xuri-urdinek sailkapeneko azkena hartuko dute. Bourgoin Top14ko talde historikoa da, Frantziako selekzioari hainbat eta hainbat jokalari eskaintzen dizkiona. Baina, errugbi profesionala nagusitu denetik, geroz eta larriago dabil. Diru gutxiko taldea da Bourgoin, eta azken hiru urteetan estu eta larri ibili ondoren, sasoi honetan sekulako hondamendia bizitzen ari da. Emaitza txarrak, Bigarren Mailara jaisteko erabaki administratiboa, diru kontuak orekatzeko hainbat jokalari saldu beharra... Ez da giro Bourgoinen.
Baina Lapurdi aldean ere urak nahasita daude. Bernard Laporte Frantziako hautatzaile ohia taldera etorri denetik, jokalariakfitxatuko dituen zurrumurrua etengabekoa da. Baionan giro gaiztoa gailendu da, eta zuzendaritzak deus ez duela kontrolatzen iduri du. Giro horrek jokalariengan nola eraginen duen ikusi beharko da.
Zaleak ere nahastuta daude, aste honetan jakin baita Baionaren harrobian hazitako Hegi aztalkaria Miarritzera joanen dela hurrengo sasoian. Ikusi egin beharko da zer giro topatuko duten jokalariek estadiora sartzean.
Top14an aitzina segitzeko
Miarritzek partida zaila izanen du gaur Parisen, Stade Francaisen aurka, eta Baiona etxean ariko da Bourgoinen aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu