Toulon. Sheridan, Orioli, Hayman; Botha, Suta; Van Niekerk (kap.), Fernandez-Llobe, S. Armitage; Michalak, Wilkinson; Smith, Mermoz, Bastareaud, Martin; D. Armiatge.
Baiona. Lafond (Iginiz, 59. min.), Araganese (Roumieu, 59. min.), Manukula (Desmaison, 59. min.); Boutaty, Graham; Bernad (Haare, 62. min.), Baget, Puricelli (kap.); Philips, Potgieter; Rokocoko, Lovobalavu, Ugalde, Fuster; Heymans (Spedding, 62. min.).
Markagailua. 7-0; 12-0; 19-0; 24-0 (atsedenaldia.) 31-0; 38-0; 45-0; 52-0; eta 59-0.
Epailea. Jean-Luc Rebollal.
Segi aitzina, hemen ez dago deus ikusteko. Irudi batek mila hitzek baino gehiago erraten duen bezala, batzuetan, emaitzak bost mila kronikak baino gehiago erraten du. Toulon eta Baionaren artekoa laburtzeko, aski da markagailuari behako bat ematea. Toulonek 59, Baionak 0. Toulonek zortzi entsegu, hiru Armitage anaien eskutik, Baionak zero. Toulonek sailkapenerako bost puntu gehiago, Baionak zero.
Ez zen kolorerik izan Toulon errugbiaren multinazionalaren eta Baionaren artean. Beste planeta batean daude Mediterraneokoak. Beste kirol bat jokatzen dute. Michalak, Hayman, Botha, Wilkinson... Errugbiko izarrak. Munduko onenak. Baionako profesionalak, igandeko kirolzale batzuen pare utzi zutenak.
Baiona sufritzera joan zen Toulonera, eta sufritu sufritu zuen. Toulonek jokaldi bakarrean bere aurkariak irrigarri uzteko gaitasun hori dauka. Munduko onenen gaitasuna. Bi hiru lasterraldi, pase pare bat, eta entsegua. Horrelako taldeekin denak iduri du erraza. Baiona, berriz, talde umil eta apalen errugbian ari da. Entsegu bat sartzeko, sekulako esfortzua, odola eta izerdia zein zorte pixka bat behar izaten diren errugbi hori. Astebururo, estu eta larri jokatzen diren partiden errugbia. Hurrengo astetik aitzina berriz jokatuko duen errugbia.
Potgieterrek min hartu du
Baina, bizkitartean, Toulonen tramitea pasa behar zen. Eta pasa da. Nola, gainera. Baionak ordezko anitz zelairatu zituen, gazteei aukera emanez, eta postu batzuetan esperimentuak eginez. Alde horretatik, erantzun batzuk lortu zituzten entrenatzaileek. Eskuineko harroin jokatzeko, Walter Desmaison gazteak dohain oso interesgarriak erakutsi zituen. Agian, postu horretan, Boyoud eta Manukula baino aukera hobea izan daiteke. Fusterrek defentsan jokaldi onak utzi zituen, eta Ugaldek jokoa animatzeko gaitasuna erakutsi zuen.
Gainerakoan, gauza anitz ez da errateko. Emaitza gogorra izan arren eta Toulonek goitik behera agindu zuen arren, aipatzekoa da bigarren zatian baionarrek ohorearen entsegua sartzeko egin zuten indarra. Toulonen entsegu eremura ere iritsi ziren, baina alferrik. Toulonek ez zuen opari txikiena ere egin nahi izan. Albiste txarrena, ezbairik gabe, Jacques-Louis Potgieterren lesioa izan zen. Sei astez zelaietatik kanpo egon ondoren, itzulera zuen atzo. Baina berriz min hartu zuen. Lesioak ez zuen itxura onik, eta epe luzerako ezingo du jokatu.
Toulon 59. Baiona 0
Toulon ez dago liga berberean
Baionak ezin izan du deus egin Toulonen mailaren aurka, eta errugbi errezitaldia jasota galdu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu