Frantziako Tourrak hiru asteko bizitza izan ohi du gutxi gorabehera. Urtero jaio eta hiltzen den txapelketa da. Bizitza horretan, haurrak, gazteak eta zaharrak bereiz ditzakegu. Haurrak, Tourrean hasi berriak diren horiek dira, itzuli handiaren bihurguenak zeharkatzen nahiko lan izaten dutenak; bi hanken gainean ibiltzeko zailtasun asko izaten dute hauek. Gazteak, nerabezaroan zaharragoekin jolasean aritzen diren horiek dira; pelotoiko beteranoentzat lanean aritzen dira normalean. Eta, azkenik, zaharrak. Lance Armstrong, Jens Voigt eta Christophe Moreau dira talde handiko aitonak.
Amak askotan errepikatzen du bizitza ez dela lorez betetako ibilbidea; gorabeherak izaten direla nagusi. Pelotoia Alpeetara iritsi berri da eta mendateetako gorabeherek txirrindulari batengan baino gehiagorengan jo dute kolpea.
Lance Armstrongi, Tourreko bizitzan, beheranzko bidean egotea dagokio gaur. Atzokoan agur esan zion maillot horiari eta gaurkoan, elastikoarengatik negar egitea dagokio.
Jens Voigt, aldiz, Tourreko bizitzaren gailurrean egongo da bi egunez gutxienez. Pelotoiko zaharren artean egon arren, haurren antzera, lo ere elastiko horia soinean zeramala egingo zuen seguraski.
Baina bizitzan, guztia ez da lan egitea eta atseden egunak ere etortzen dira. Oporraldiak ere beharrezkoak izaten omen dira, eta, Tourrak ere, bereak behar ditu. Atseden eguna dute gaur txirrindulariek. Biharko etapa luzeari aurre egiteko indarrak biltzea ezinbestekoa zaie, batez ere, pelotoiko zaharrei.
Bizitzak buelta asko ematen dituela agerikoa da, eta Tourrean ez da gutxiagorik gertatzen. Ematen dituen bira horiek, kaltetuak eta sarituak sortuko dituzte. Ziurrenik, Alpeetako mendateak izango dira saritu eta kaltetu horiei izenak jartzen errudunak. Gaurkoan behintzat, Lance Armstrongi dagokio kaltetu izatea eta Jens Voigti saritua. Biharkoan, Tourraren bizitzak beste bira bat emango du. Birak bizitza alda dezake, ala dagoen bezala utzi. Hori, patuak idatziko du.
Frantziako Tourra
Tourra, bizirik gabeko arnasa
Atseden egunaz gozatzeko aukera gaur pelotoian. Lance Armstrongek (Discovery Channel) elastiko horia galdu zuen atzoko etapan eta CSC taldeko Jens Voigt da Tourreko lider berria. Mickael Rasmussenek (Rabobank) egin zuen indar erakustaldia eta gero, mendiko txapeldunaren maillota eskuratzea lortu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu