Tourra urrun, Vuelta gertu

Hautagai argirik gabe jokatuko da gaur Donostiako Klasikoa, sasoi hobean nor irits daitekeen jakiteke

Tourra urrun, Vuelta gertu.
Donostia
2012ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Ez ibilbideak, ez txirrindulariek. Londresko Olinpiar Jokoek aldatuko dute, aurten, Donostiako Klasikoa. Gaur jokatuko da, iaz baino bi aste geroago. Frantziako Tourretik urrun, eta Espainiako Vueltatik gertu —larunbatean hasiko da Iruñean—. Egun aldaketarekin, ez dago argi zein txirrindulari izango diren sasoi hobean: Tourretik datozenak, edo Vueltara doazenak. Lasterketa irabazteko hautagai ugari izango dira irteeran, baina faborito argirik ez (11:10, ETB1).

Egun berdintsuetan ziren jokatzekoak Olinpiar Jokoetako txirrindularitza probak eta klasikoa. Horregatik, lasterketaatzeratu behar izan zuten antolatzaileek, bi astez. 11:10etan abiatuko dira txirrindulariak Alderdi Ederretik, 234 kilometroko ibilbidea osatzeko. Aurreko urteetako bera izango da, mendate erabakigarri berberekin: bitan igoko dute Jaizkibel, eta beste bitan Arkale.

Azkenaldian, Tourretik zetozen txirrindulariak izan dira nagusi Donostian, pedal kolpe hobearekin iristen baitziren. Aurten, baina, urrunegi dago Frantziako itzulia —hiru aste dira amaitu zela—, eta Vueltara joatekoak direnak prestaketaren azken txanpan dira. Beraz, bi multzotan banatuko dira hautagaiak. Tourrean aritu direnen artean, badira batzuk nabarmentzekoak.

Alexandre Vinokurov (Astana) da zerrendako lehena. Txapeldun olinpikoak bere azken lasterketa izango du gaurkoa, eta ez du nolanahi utziko txirrindularitza. Omenaldia egingo diote irteeran, eta bere marka utzi nahiko du Donostian, ziur. Hortik aurrera, Alejandro Valverde (Movistar), Jurgen Van den Broeck (Lotto) edo Luis Leon Sanchez (Rabobank) 2010eko garailea dira Tourreko sasoia baliatu dezaketen ziklistetako batzuk. Haimar Zubeldia (RadioShack) eta Gorka Izagirre (Euskaltel) gipuzkoarrak ere sar daitezke aurreko taldean.

Beste bandoa, Vueltakoa, ez da ahulagoa izango: Joaquim Rodriguez eta Dani Moreno (Katuxa), Alberto Contador (Saxo Bank), Damiano Cunego (Lampre), Igor Anton (Euskaltel), Rigoberto Uran (Sky), Simon Gerrans (Greenedge), Greg Van Avermaet (BMC)... Hankak freskoago dituztela, Espainiako Vueltan aritzeko egin duten prestaketa baliatu nahiko dute Donostiako Klasikoaren 32. ekitaldia irabazteko. Lehia, behintzat, ez da faltako.

Faltako dena Philippe Gilbert (BMC) iazko garailea izango da. Belgikarrak erakustaldia eman zuen, eta aise nagusitu zen. Haren hutsuneak aukera handiagoa emango die gainontzekoei. «Iaz bagenekien Gilbert gainditzea ezinezkoa zela», onartu du Zubeldiak. Horregatik, lasterketa «irekiagoa» espero du usurbildarrak. Jaizkibel eta Arkale izango dira, beste behin, klasikoan nor lehiatuko den erabakiko duten mendateak. Bitan igo beharko dituzte, eta ziklista indartsuenak geratuko dira aurrean. Gainontzekoak, berriz, aukerarik gabe.

Jaizkibelek txikituko du tropela, eta Arkalek ere min egingo du. Handik helmugara, hamaika kilometro direla bakarrik dago argi. Edozer gerta daiteke: eraso festa, taldetxo batek esprintean erabakitzea garailea, indartsuenak ihes egitea... Irabazi nahi duenak, behintzat, sasoiko eta adi beharko du egon. Zorteak ez du erabakiko lasterketa.

Samuel Sanchez2015era arte

Samuel Sanchez (Euskaltel) ere izango da Donostian, etorkizuna erabakita, gainera. Beste hiru urterako luzatu du Euskaltel-Euskadirekin zuen kontratua, 2015era arte. Hortaz, taldeburuaren jarraitutasuna ziurtatu du talde laranjak. Gaurkoa estreinako lasterketa izango du Sanchezek, Tourrean erori eta erretiratu ondoren. Osatuta dago, baina ez du irabazteko aukerarik ikusten: «Lasterketa amaitzearekin ere konformatuko nintzateke». Izan ere, hamar egunez baino ez da entrenatu, eta ez da sasoiko iritsiko. Hala ere, taldekideei «laguntzeko prest» egongo da. Munduko Txapelketa du bere helburu nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.