Hasi eta bukatu, harrigarria izan da Dauphineko seigarren etapa. Tourrerako prestaketa gisa baliatzen dute txirrindulari gehienek Tour txikia, baina goi mailako ikuskizuna eskaini dute gaur. Bezperan denbora galduta Vincenzo Nibali (Astana) egurrerako gogoz zela, laukote indartsua sortu da aurrean: Nibali bera, Alejandro Valverde (Movistar), Rui Costa (Lampre) eta Tony Gallopin (Lotto). BMC eta Tinkoff gogotik aritu dira lanean atzean, eta baita Sky ere ahal izna duenean, baina hiru minuturen jiran ibili da aldea gehienean.
Garaipenaren lehian, Gallopin mugitu da lehenengo aurrean, Nibalik erantzun du gero, eta Rui Costak eman du errematea, 250 metro falta zirela. Bere txarrean, liderraren maillota jantzita amaitu du eguna Nibalik, bezperako txakalaldia ahaztuta. Sailkapen nagusian, 29 segundora dauka orain Rui Costa, 30era Valverde, 35era Simon Yates (Orica), 42ra Tejay Van Garderen (BMC9, 57ra Beñat Intxausti (Movistar) eta 1.21era Chris Froome (Sky).