Italiako Giroaren eta Frantziako Tourraren arteko zubi lana egiten duen lasterketa hastera doa: Dauphine Libere. Gaur hasi eta ekainaren 10era bitarte jokatuko da, eta aitzin-etapa bat, erlojupeko luze bat, lau etapa menditsu eta esprinterrentzako zein klasikozaleentzako beste bi etapa izango ditu. Prestaketa Dauphinen edo Suitzako Itzulian eginda iristen dira txirrindulariak Tourrera, eta aurten ere halaxe gertatuko da. Astebeteko estutua hartuko dute ziklisten gorputzek. Izan ere, Dauphine proba gogorra da. Tourrerako, beraz, atariko azterketa aproposa izango dute faborito nagusiek. Hori bai, sufritzeko proba izan arren, ez du azken urteetako gogortasunik izango.
Faboritoak aipatuta, Tourrean podiumaren lehian ibiliko diren izenak nabarmendu behar dira Dauphinen ere: Tony Martin (Highroad), Denis Mentxov (Rabobank), Vincenzo Nibali (Liquigas), Samuel Sanchez (Euskaltel-Euskadi), Andy Schleck (Leopard), Cadel Evans (BMC) eta Bradley Wiggins (Sky). Hain zuzen ere, bi horiei erreparatu beharko zaie gehien. Ziklista gehienak lasai antzean aritzen dira, gogor jotzeak Tourreko hirugarren astean txakalaldia izateko arriskua baitakar. Halaxe gertatu da 2003. urteaz geroztik. Lance Armstrong izan zen salbuespena, bi itzuliak irabazita. Armstrong, baina, bat eta bakarra zen. Evansentzat eta Wigginsentzat, dena den, ibilbide aproposa da Dauphinekoa, eta, serio demonio jardunez gero, lan txukuna baino zerbait gehiago egin dezakete.
Denetariko etapak ikusi ahal izango dira. Guztira 1.050 kilometro osatuko dituzte txirrindulariek, eta 25 mendate igo; horien artean, maila bereziko bi eta lehen mailako hiru. Dena den, aurreko urteetan baino garrantzia txikiagoa izango du mendiak, soilik etapa bat amaituko baita gailurrean. Itzuliaren lehen egunetan helmugan bi besoak altxatzeko aukera gehien esprinterrek zein klasikozaleek izango dute. Bihar, esaterako, 187 kilometroko etapa izango dute, erabat laua. Ihesaldirik ezean, esprintak erabakiko du lehia. Eta etziko lasterketari buruzere antzeko zerbait esan daiteke. Koska gehiago ditu tartean, baina ez da ezer erabakigarririk gertatuko. Are gutxiago asteazkenean. Laugarren mailako mendatea izango da eguneko zailtasunik handiena.
Bosgarren egunean, baina, hortzak gogor estutu eta sufritzea tokatuko zaie txirrindulariei. 53,5 kilometroko erlojupekoa izango dute. Hain justu, Frantziako Tourrekoaren antz handia du ibilbideak. Ziklistek ez dute malda handirik gainditu behar izango, baina inoren gurpilari jarraika egin gabeko etapa izaki gogorra izango da. Bada, ziurrenik, sailkapen nagusian erlojupekoak erabakiko ditu kontuak gehien. Evasentzat ibilbide egokia da, eta bera da faborito nagusia. Martin ere aztia da erlojuaren kontra, baina ez dirudi errepidea lagun izango duenik.
Egun gogor hori igaro ondoren ere ez da arnasa lasai hartzeko betarik izango, mendian sartuko baita tropela. Azken aurreko egunean maila bereziko mendateari egin beharko diote aurre helmugatik oso gertu —Col de Joux-Plane—, eta azken egunean goian amaituko da etapa —Chatel mendatean—. Etapa eta, beraz, itzulia ere bai. Malda gogor horiek baliagarri egingo zaizkie ziklistei Tourra behar bezala prestatzeko.
Zubeldiarentzat itzuli egokia
Toki guztietan bezala, euskal txirrindularien parte hartzea oparoa izango da. Euskaltel-Euskadi ordezkatuz zortzi euskal ziklista ariko dira, Samuel Sanchez lider dutela. Koldo Fernandez de Larrea (Garmin) esprintean ezustekoren bat ematen saiatuko da. Gauza bera egingo dute ihesaldiren batean Movistarreko David Lopezek eta Imanol Erbitik. Eta Markel Irizar eta Haimar Zubeldia (Radioshack) sailkapen nagusiari begira ariko dira lanean. Usurbilgoarentzat terreno aproposa dirudi Dauphine Liberek. Beste behin, ikuskizuna ziurtaturik dago.
Tourrari begirako azterketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu