Tourra

Tourrean istripua eragin zuen ikuslearen bila ari da Polizia

Txartel bat erakusteagatik, hainbat txirrindulariren erorikoa eragin zuen emakume batek, eta, Jendarmeriaren arabera, alde egin zuen gero.

Edu Lartzanguren.
2021eko ekainaren 28a
13:06
Entzun

Larunbatean, lehenengo etapa zuen Frantziako Tourrak Bretainian. Emakume batek kartel bat erakutsi nahi izan zien telebistako kamerei, eta hainbat txirrindulari erortzea eragin zuen. Polizia haren bila ari da, eta lekukoak eskatu dituzte. Izan ere, emakumeak istripua eragin ostean, «ikertzaileak heldu baino lehen» alde egin zuela adierazi dute.

Bretainiako Finisteren gertatu zen ezbeharra. Frantsesa eta alemana nahastuta Aurrera aitonatxo eta amonatxo! esaten zuen zeinu batekin jarri zen emakumea pelotoiaren aurrean. Tony Martin txirrindulari alemaniarrak emakumearekin kolpea hartu, eta lurrera erori zen. Atzetik erori ziren beste hainbat txirrindulari, gehienak Martinen Jumbo Visma taldekoak. Jash Suetterlin (DSM)txirrindulariak Tourra utzi behar izan du horren eraginez. Beste 20 txirrindulari zauritu ziren ezbeharrean.

«Ikusi nuen emakumezkoa, ikusi nuen zeinua. Baina azken unean errepidera biratu zuen, eta ez nuen astirik izan erreakzionatzeko», esan zuen Martinek. «Ezin dut ulertu jendeak zergatik egiten dituen halakoak. Bizikletan lehiatzeko gaude hemen; ez da zirku bat».

Lasterketaren antolatzaileek larunbat gauean esan zuten ikuslea salatzeko asmoa zutela. «Hala egingo dugu halakoak egiten dituzten dituzten gutxi horiek ez dezaten denon lasterketa zapuztu», esan zuen Pierre-Yves Thouault Tourraren zuzendariordeak.

Baina, horretarako, emakumea identifikatu beharko dute aurretik. Jendarmeriaren arabera, emakumeak ihes egin zuen ezbeharra eragin ostean, eta lekukoei laguntza eskatu diete hura identifikatzeko.

Halakoak gertatu dira lehen ere Tourrean eta ikusle asko erakartzen dituzten bestelako lasterketetan. 2018. urtean, Vincenzo Nibalik Tourra utzi behar izan zuen, ikusle baten argazki kameraren uhala bizikletaren heldulekuan trabatu eta erori ostean.

Bresteko fiskaltzak salaketa jarri du dagoeneko Finistereko ikuslearen aurka, «nahi gabeko zauriak» eragiteagatik, eta segurtasun edo ardura neurriak ez betetzeagatik, modu nabarmenean. Halako lege hauste batengatik asko jota urtebeteko kartzela zigorra ezar daiteke, eta 15.000 euroko isuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.