Lastima da atzoko partida telebistatik ikusteko aukerarik ez izatea, ikuskizuna ederra izan zelako. Ez jokoagatik, ilun samarra izan zelako, akats askorekin, jokalariek duten fedeagatik baizik. Irabazteko grina, kolpeak bata bestearen ondoren jaso, eta jaiki. Jaiki ilusio bat bizirik mantentzeko. Fedeak traba oro hausten duelako, eta Lagun Arok ondo asko barneratua zuelako laugarren porrota arazo larriagoen hasiera izan zitekeela. Partida bukatzeko bost minutu falta zirela, 51-61 zen aurretik Kanaria Handia, eta zaleak etxerako bidea hartzeko gertu zeuden. 23-5eko partziala lortu zuen Lasoren taldeak, eta arnasa, lasaitasuna, poza eta konfiantza ematen dituen seigarren garaipena lortu.
Lagun Arok aingeru bat dauka. Rhode Islanden jaio zen, eta patuak nahi izan du Donostian geltokia egitea. Zazpi hiruko saskiratu zituen Jimmy Baronek, bi azken segundoan, eta bat zortzi metrotik eta falta behartuz. Erotu egin zen jendea. Ernegatuta sumatu zitzaion hasieratik estatubatuarrari, Badalonan gertatutakoagatik, eta taldea bizkar gainean hartu eta airean eraman zuen garaipenera. Haren 26 puntuak funtsezkoak izan ziren, baina baita David Doblasen 14 puntuak ere, zazpi jaurtiketa egin eta denak saskiratu baitzituen. Hiru, azken laurdenean, erabakigarriak.
Partzialen partida izan zen. Batek kolpea eman, besteak erantzun, erregulartasun bat lortzeko zailtasun handiarekin. 19-10 aurreratu zen Lagun Aro, eta Kanaria Handia erabat trabatuta ari zen. Jaycee Carrolli defentsa ona egin zion Baronek, eta haien iturria itxita, kanpokoen eraso jokaldi bakoitzak Lagun Aroren defentsa ona azaleratu zuen. Gertatzen ari zena ez zen normala, Kanaria Handia talde sendoa delako, eta buelta eman zion partidari. 24na berdindu zuen aurrena, eta 25-26 joan zen aurretik, aldageletara.
Baronen inspirazioa
Bigarren laurdenean hasitako lan onari segida eman zion Kanaria Handiak azken bi laurdenetan, eta 30-35 aurreratu zen. Orduan, Baron azaldu zen lehen aldiz, eta Salgado eta Tskitixvilik lagunduta, 13-0eko partziala lortu zuten etxekoek: 44-35 aurretik berriz ere. Norgehiagokari atseden pixka bat emateko unea zen, garaipena lotzeko, baina Kanaria Handiko Tomas Bellasek ez zuen nahi. Salgado erotu zuen, eta44-45 jarri zuen aurretik bere taldea. 10-0eko partziala berriro.
Bellas berotu egin zen, eta C. J. Wallace eta Carroll taldekideekin batera, 51-61ekoa jarri zuen. Beste partzial mingarri bat Lagun Aroren aurka: 7-16. Etsipena nagusi zen, baina Sanchezek hirukoa sartu zuen, Baronek beste bi, oso urrutitik, Doblasek bi saskiratze erabakigarri, eta Mirallesek partida osoan jaso ez zituen errebote erabakigarriak. 67-61 aurreratu ziren etxekoak, eta ondo eutsi zioten hondarrean. Lagun Aro zortzi onenen artean sartu da berriz. Fedeak traba oro hausten duelako.
Lagun Aro GBC 74
Kanaria Handia 66
Lagun Aro GBC. Uriz, Baron (26), Panko, Miralles (6), Doblas (14)-hasierako bostekoa-; Tskitixvili (6), Salgado (9), Kone (3), Sanchez (10) eta Lorbek.
Kanaria Handia. Green (8), Carroll (11), Moran, Wallace (7), Savane (10) -hasierako bostekoa-; Bramos (8), Bellas(10), Nelson (5), Beiran (3) eta Rey (4).
Markagailua. 16-10, 25-26 (atsedenaldian); 49-48 eta 74-66.
Epaileak. Garcia, Jimenez eta Munar. Doblas kanporatu zuten (39. min.).
Bestelakoak. 5.405 ikusle Ilunbeko pabiloian.
Traben gainetik, fedea
Lagun Arok galduta zeukan partida atera du aurrera, eta garaipen garrantzitsua lortu du etorkizunera begira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu