Frantziako errepideek titular ugari utzi zituzten atzo, 191,5 kilometroko Tourreko estreinako etapan. Garrantzitsuena, noski, txirrindularitzak egutegian gorriz markatuta duen itzuliari ekin zitzaiola, zale ororen gozamenerako. Gozatzeko aitzakiarik izan baitzen, lehen etapa izan arren. Philippe Gilbertek (Omega Pharma Lotto) erakustaldia eman zuen, eta etapa zein maillot horia eskuratu zituen Alondraseko gainean. Andy Schleck (Leopard Trek) eta Cadel Evans (BMC) ere ez daude kexatzeko, liderrarengandik sei segundora lehena eta hirura bigarrena daudelako sailkapenean. Umore okerragoz egongo dira Alberto Contador (Saxo Bank) eta Samuel Sanchez (Euskaltel-Euskadi), eroriko bat zela tarteko, minutu eta hogei segundo galdu baitzuten helmugan.
Amaierarako hamabost kilometro falta zirela hasi zen zalaparta, ihes eginda ibili ziren hiru txirrindulari harrapatu ondoren: Jeremy Roy (FDJ), Perrig Quemeneur (Europcar) eta Lieuwe Westra (Vacansoleil). Tropelak sekulako abiadura eta erritmoa ipini zuen, eta, tentsio horren eraginez erorikoak gertatu ziren. Iragarrita zegoen Tourreko lehen etapak tranpaz josirik daudela, baina Contador eta Sanchez ez ziren erne aritu. Astanako txirrindulari batek ikusle bat jo zuen, eta jende mordoa erori zen haren gainera, bi horiek tartean —inork ez zuen minik hartu—. Zorte txarra izan zuten, baina egiari zor, kokapena ere ez zeukaten egokiena. Tropela bitan banatu zen, eta aurreko taldeak ez zuen barkatu. Gogor jo zuen aurrera, faborito nagusiari ahalik eta denbora gehien ateratzeko.
Bi kilometro falta zirela, baina, beste eroriko bat gertatu zen, eta bertan Andy Schleck jauzi zen beste hainbatekin batera. Horiek Contadorren eta Sanchezen taldearekin batera helmugaratu ziren, atzetik harrapatu zituztelako, baina luxenburgotarrak ez zuen minutu eta hogei segundo galdu. Izan ere, legeak dioenez, azken hiru kilometroan eroriz gero helmugan ez da denborarik galtzen, eta kasu horixe aplikatu zitzaion Andy Schlecki. Beraz, Contador eta Sanchezen taldearekin zapaldu zuen helmugako marra, baina sei segundo soilik galdu zituen. Evansek bezala. Australiarra aurreko tropelean sartu zen, eta erakutsi zuen sasoi betean dagoela. Beste hainbat izen garrantzitsu ere iritsi ziren aurrean: Jurgen Van den Broeck (Omega Pharma Lotto), Andreas Kloeden (RadioShack), Chris Horner (RadioShack)...
Zalantzarik gabe, bolada ezin hobean dagoena Gilbert da. Jaun eta jabe izan zen belgikarra, eta ez zien inolako aukerarik eman gainontzekoei. Taldeak lan ona egin zion, eta horrek ez zuen aukera alferrik galdu. Fabian Cancellarak (Leopard Trek) erasoa jo zuen 200 metro falta zirela, baina Gilbertek atzetik aurrera egin eta bakarrik altxatu zituen besoak helmugan. Cancellara modu horretan gailentzeak zerbait esan nahi du. Etapaz gain, lidergoa ere lortu zuen, eta egun batzuetan eutsi diezaioke gaurko erlojupekoa gainditzen badu. Denboraldiko hamahirugarren garaipena lortu zuen Gilbertek, baina oraindik beretzat aproposak diren etapak geratzen dira Tourrean.
Batzuentzat ederki hasi da itzulia; besteentzat, berriz, ez hain ongi. Oraindik ere ekin besterik ez zaio egin Tourrari, baina lortutako edo galdutako aldeak hor daude. Kontua zera da, lehen egunetik sortu dela emozioa eta lehia, eta ikuskizunik ez dela faltako datozen egunetan.
Gaur, taldekako erlojupekoa
23 kilometroko taldekako erlojupekoa jokatuko da gaur, eta Contadorren Saxo Bank taldea izango da irteeratik ateratzen lehenengoa (14:30). Zazpi minutu geroago ekingo dio lanari Euskaltel-Euskadik. Sanchezek atzo denbora galdu ondoren, ahalik eta lan onena egitea izango da euskal taldearen helburua. Faboritoen zerrendan Leopard Trek eta Highroad HTC ageri dira. Errepideak ez dauka inolako zailtasunik, eta gorabehera gutxikoa da.
Txirrindularitza dFrantziako Tourra
Tranparekin hasi da Tourra
Erakustaldi ederra eman du Gilbertek; Andy Schleckekiko Contadorrek eta Sanchezek 1.14 galdu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu