Marcelo Bielsak Athletici eman diona neurtzea ez da batere samurra. Ezinezkoa, kasi. Hilabete gutxitan arrakasta lortu duela da baiezta daitekeen gauza bakarra. Horren adibiderik garbiena zera da: taldeko izar nagusiaren etorkizunak adinako kezka sortzen duela entrenatzailearenak. Fernando Llorenteren mailan dago Bielsa. Hainbat talde dabiltza haren atzetik, eta ez da harritzekoa, talde zuri-gorriaren jokoak bat baino gehiago maitemindu baitu aspaldian.
Entrenatzaile argentinarraren ekarpena handia ari da izaten. Taldeari mentalitatea aldatu dio. Hitz batean, irabazle sena eman dio. Athleticen lehiakortasuna jokalariekin banan-banan egin duen lan bikainaren ondorioa da. Gehienak hobetu egin ditu. Duela zortzi hilabete baino maila hobea dute. Eta, noski, horrek emaitzak ekarri ditu. Bikainak. Athletic bere historiako sasoirik onenetakoa egiten ari da. Orain arte lortutako emaitzak eta tituluak aintzat hartuta, ez da beste belaunaldi batzuetako lehoiek lortu zutena egitera ere ailegatu. Eta seguruenik, ez da inguratuko. Baina ez da ahaztea komeni futbola asko aldatu dela azken hamarkadetan.
Bosman legea da errudun nagusia. Lege hori onartu zenetik,askoz ere gaitzagoa da Bilboko taldeak duen filosofiarekin punta-puntan aritzea. Eta futbola kate bat denez, jokalarien eta taldeen hobekuntzek emaitza onak eta jokatzeko era erakargarria ekarri dituzte. Hori guztia batuta, erraza da ulertzea jarraitzaileen artean dagoen ilusioa. Neurri gabeko ilusioa, hain zuzen ere.
Baina arrakastarako bidean katetik kanpo geratu direnak ere badaude. Ohikoa da futbolean hori. Entrenatzaile bakoitzak jokatzeko era bat dauka, eta berak gura duena zelaian islatzeko jokalari batzuen aldeko apustua egiten du. Beraz, talde guztietan daude talde dinamikatik kanpo geratzen direnak. Goi mailako teknikari batzuek, gainera, lehen egunetik lagatzen dute argi zer egin asmo duten. «Sentsibilitate» gutxiko entrenatzaileak direla esaten da sarri. Jupp Heynckesek, esaterako, titularrak alde batetik eta gainerakoak bestetik entrenatzen zituen. Bielsak ere antzeko zerbait egiten duela esan daiteke.
Azken hilotan ez da hain nabarmen ari horretan, baina sasoi hasieran ohikoa zen jokatzeko aukerarik ez zutenak beste zelai batean lanean ikustea. Lan egiteko era horrek «erre» egiten du parte hartzen ez duen jokalari taldea. Haserre egoteaz gain, motibazioa galtzen dute. «Entrenatu? Zertarako?», esan zuen multzo horretan dagoen futbolari zuri-gorri batek entrenamendu batean gehiago ahalegintzeko eskatu ziotenean. Nahiz eta jendaurrean ezer esan ez, pentsamendu hori izan dezakete azken denboraldiotan pisu handia izan duten futbolari bik: Igor Gabilondok eta David Lopezek.
Etorkizun beltza
Bai ezker hegalekoak eta bai eskuinekoak ere etorkizun beltza dute Bielsak Athletic entrenatzen jarraitzen baldin badu. Gabilondok sei denboraldi daramatza elastiko zuri-gorria defendatzen. Tarte horretan gorabeherak izan ditu. Dezente, gainera. Hamaikakoan postu finkoa izan duen sasoiak ezagutu ditu, eta gutxi jokatu duenak ere bai. Baina inoiz ez du izan denboraldi honetan bezain pisu gutxi. Athletic hiru lehiaketetan ari den arren, lau hilabete egon da jokatu barik. Granadaren kontra jokatu zuen 2012. urtean lehen aldiz. Beraz, argi dago ez duela entrenatzailearen konfiantzarik. Horri guztiari gehituz gero denboraldia titular hasi zuela, 33 urte bete berri dituela eta kontratua laster amaitzen zaiola, maletak egiteko sasoia ailegatu zaiola ondoriozta daiteke.
Athletic, gainera, hasi da haren lekua bete dezaketen futbolarien jarraipena egiten. Bielsaren gustukoa Antoine Griezmann da. Baina, batetik, garestia delako, eta, bestetik, hark fitxatututako jokalariek eztabaida sor dezaketelako Athleticen filosofiaren inguruan, ia ezinezkoa da Maconekoa (Frantzia) elastiko zuri-gorriarekin ikustea. Bigarren plana Ismael Lopez izan daiteke. Bilbao Athleticeko jokalari ohia maila ona ematen ari da Lugon, Bigarren B Mailan. Beraz, baliteke udan Lezamara bueltatzea. Bestalde, ezin da etxekoa ahaztu. Ibai Gomezen eta Gabilondoren ezaugarriak ezberdinak dira oso, baina bilbotarra baliatzen ari da entrenatzaileak eman dion aukera.
Gabilondoren antzekoa da David Lopezen egoera. Beharbada, euren ezaugarriak antzekoak direlako egongo dira dauden moduan. Teknikoki onak, estrategia jokaldietan maisuak, baina, era berean, dieselak dira. Bielsak eskatzen duen erritmoari eusteko arazoak izan ditzakete. Jokalari biziak eta oldarkorrak ditu gustuko argentinarrak. Halakoak dira egun Athleticen hamaikakoa osatzen duten futbolari gehienak. Ander Herrera, Iraola eta Llorente dira profil horretatik kanpo dauden bakarrak.Berezkoak, talentuak egiten die lekua hamaikakoan. Lehen biek gustuko dute joko lasaia eta pazientzia eskatzen duena, eta Llorente ezinbestekoa da golak egiteko.
David Lopezek ez du, antza, nahikoa talentu ia dena jokatzen duten hamasei jokalariko talde horretan egoteko. Aurtengo sasoian jokatu izan errioxarrak, baina, itxura denez, ez du behar bezala aprobetxatu. Geldikako jokaldietan ederki moldatzen da;begia non, baloia han jartzen du hankarekin, baina erritmo azkarra falta zaio. Hegalekoak beste urtebeterako kontratua dauka talde zuri-gorriarekin, baina ez dirudi aparteko buruko minik sorrraziko dionik Bielsari udan beste bide bat hartzen badu. Abiadura handiko tren batek sor ditzakeen arazoak dira.
Trenaren azken bagoian
Marcelo Bielsaren etorrerarekin ilusioa gainezka sortu da Athleticen, baina jokalari gutxi ari da erabiltzen hiru lehiaketetanIgor Gabilondok eta David Lopezek apenas jokatu duten, eta etorkizun iluna daukate
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu