Caja Laboral Baskonia 65. Assignia Manresa 76
Caja Laboral Baskonia. Prigioni (9), Oleson (5), San Emeterio (5), Teletovic (12) eta Milko Bjelica (10) -hasierako bostekoa-; Walsh (5), Golubovic (2), Nemanja Bjelica (9), eta Heurtel (8).
Assignia Manresa. Alex Hernandez (2), Downs (23), Gladiir (6), Asselin (28) eta Doellmann (10) -hasierako bostekoa-; Paulsson (2), Cerqueira, (), Hanga (5), Oriola eta Achara ().
Markagailua. 16-19, 41-37 (atsedenaldia); 50-57 eta 65-76.
Epaileak. Mitjana, Araña eta Rial. Kanporatuak: Caja Laboraleko Milko Bjelica (35. minutua).
Bestelakoak. 8.100 zale Gasteizko Iradier Arenan.
Emaitza bolada on bat nola izorratu ez dakizuela? Deitu Baskoniari, eta nola egiten den azalduko dizuete. Baskoniak hilabete oso bateko garaipen zakua bota du harrika, modu traketsenean: Manresaren aurkako porrot lotsagarria. Lotsagarria, agur itxurosoagoa merezi zuelako Iradier Arenak eta hara hotza pasatzera joan ziren zaleek. Zer esanik ez Euroligako kolpea ahazten laguntzen duen bolada horrela bukatzea eta berriro izena, errespetua irabazten hasi beharra. Non eta Madrilen, edo Sevillan. Atzerapauso larria eman du Baskoniak, baina ikasteko egokiak izaten dira halako kolpeak. Arrakastak alferretik ezer gutxi baitauka.
Manresak merezimendu osoz irabazi zuen partida. Jaume Ponsarnauk hautua egin zuen: saskipea babestu, eta hiruko jaurtiketetan askatasuna eman Ivanovicen taldeari. Daukan talde mugatua aintzat hartuz, ezinbesteko hautua. Arriskatua, bai, baina asmatu egin zuen, eta bete-betean. Baskonia itsusi, baldar, trakets aritu zelako. %18 bakarrik asmatu zuen, 34 hiruko egin eta sei bakarrik saskiratuta. Ernegatzeko modukoa izan zen Teletovic kapitainaren punteria txarra, hamaika egin eta bakarra sartu, baina inork ardura hartu nahi ez zuenean hartu zuen bosniarrak.
Partida hasieratik sumatu zen arabarren zabarkeria. Saskipeko bidea itxi zuen Manresak, eta eraso asko kanpoko jaurtiketekin bukatu beste biderik ez zuen eduki. Eta, jakina, orduan eta jaurtiketa urrunagoak, portzentajea gero eta txarragoa. Errebotea ixtea zen hurrengo pausoa, eta ezin hobe aritu zen lan horretan Manresa. Pibotak, eta talde osoa. Galdu zituzten erreboteetan ere ez zuten pazientzia galdu, berriro hiruko jaurtiketa baimendu baitzuten. Berrriro kale egiteko.
Lehen zatia ez zen txar-txarra izan. 41-37 bukatu zen, arabarrak aurretik. Matt Walsh iritsi berriak bost puntu saskiratu zituen, eta Heurtelen gidaritzapean jokoa eraginkorra zen. Hirukoetako portzentajea eskasa zen ordurako, %31, baina inor gutxik espero zuen bigarren zati itsusiak ekarriko zuena. Baskoniak pausoan jokatzen duenak bezala jokatu zuelako lehen erdian. Alegia, mantso, baina erritmoa kolpe batean aldatu eta neurketa hausteko gai den taldea.
Asselinen erakustaldia
Zale guztiek espero zutelako defentsa zorrotzagoa. Josh Asselini batez ere. Manresako pibota gorabeheratsu dabil, baina atzo Blake Grifinen mozorroa jantzi zuen, eta jaurtitzen zuen guztia saskiratu. Ez delako herrena, baina Milko Bjelica eta Golubovicen zabarkeriari esker ere bai. 14 puntu sartu zituen lehen laurdenean, jaurtiketa bakarra huts eginda, baina bigarrenean antzera segitu zuen 28 puntu pilatzeraino.
Begiak igurtzi eta igurtzi zebiltzan Ivanovic eta zale guztiak, baina Manresak serio jarraitu zuen lanean. 41na berdinduta konforme ez, eta sei puntutan utzi zuen Baskonia zortzi minutuan. 47-55 aurreratu zen Kataluniako taldea, baina orduan ere ez zen inor arduratu Baskonian. Ezkorrenak ere pentsatzen zuen laugarren laurdenean emango zuela kolpea Caja Laboralek, ezin zuela eman hain itxura penagarria.
Baina ez zen erreakziorik etorri, eta eroso nagusitu zen Manresa. Merezita, Iradier Arenako zaleek txistu sorta soinutsua eskaintzen zutela. Galtzeko modu asko daudelako, baina Manresaren aurka galtzea ez da oso normala. Ezin da gertatu, eta gertatzen bada, duintasunez izan behar du.
Caja Laboral Baskonia 65. Assignia Manresa 76
Tristeak izaten dira agurrak
Baskoniak harrika bota du hilabeteko bolada ona, eta Manresaren aurka galdu negargarri jokatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu