Denboraldi-aurrean murgildu eta partidak jokatzen hasi orduko, emaitzek garrantzirik ez dutela esaten dute futbolariek eta entrenatzaileek. Arlo fisikoan puntu-puntuan jartzea omen da funtsezkoena. Ez zaie arrazoirik falta, baina aukeran, nahiago partidak irabaztea. Bai galtzea, bai irabaztea zerbaiten ondorio izaten delako, nahiz eta denboraldi-aurrea izan. Atzo, Lerinen, Realak irabazi egin zion Osasunari, eta entrenatzaileei dagokie orain ondorioak ateratzea. Txuri-urdinei, behintzat, ondo etorriko zaie garaipena. Jokalariak kezkatuta daude egoera ekonomikoarekin, eta barruko nahigabea alaitzeko balioko zien, behintzat, Osasunari irabazi izanak.
Denboraldi-aurrean jokatu ohi diren ia partida guztien antzekoa izan zen: ikusgarritasuna neurrian, eta golak sartzeko oso aukera gutxi. Reala hasi zen agintzen, baloiaren jabe izateko dohainak erakutsi zituelako. Arlo horretan, Sergio, fitxatu berrietako bat, nabarmendu zen. Hala ere, aginte horrek indarra galtzen zuen Osasunaren area inguruan. Pixkanaka, nafarrek lehia berdintzea lortu zuten, eta bide horretan joan zen partida lehen zatian, parekotasuna nagusi zela. Kike Solak eduki zuen berdintasuna hausteko aukera, baina zutoinera bota zuen baloia.
Bigarren zatian, lehengo lepotik burua bi taldeek. Hamaikakoak erabat aldatu zituzten Juanma Lillok eta Jose Angel Zigandak, eta nafarrek aukera gehiago eduki zituzten. Argienak Pandianirena, Plasilena eta Medinarena izan ziren, baina ez zuten asmatu. Bai, ordea, Diaz Zeriok. Partida amaitzear zela, bi minuturen faltan, Aranburuk zutoinera botatako baloia jaso, eta barrura bidali zuen golegileak. Emaitzak baliorik ez izan arren, poztuko ziren jokalariak golari esker, tristurak alaitzeko bada ere.
Realari dagokionez, bada beste kontu bat. Hasiera batean, Lillok bi hamaikako aterako zituela iragarri zuen klubak, eta bi atezain ere eraman zituen: Zubikarai eta Riesgo. Baina debarrak ez zuen jokatu, eta klubak ez du inolako lesiorik aipatu hori azaltzeko.
Alaves, Eibar eta Athletic
Goi mailako gainerako hiru euskal taldeek ere denboraldia prestatzeko partidak jokatu dituzte. Alavesek, herenegun, ezin izan zion irabazi San Ignaciori, eta partida 0-0 bukatu zen. Atzo, Eibarrek, garaipena lortu zuen denboraldi-aurreko lehen lagunartekoan. Amurrion jokatu zuen bertako taldearen aurka, eta 0-1 irabazi zuten Carlos Pousoren jokalariek, German Beltranek 45. minutuan sartutako golari esker. Athleticek ere irabazi egin zion Charlton Athletici, Ingalaterranbertan. Gola Joseba Etxeberriak sartu zuen 9. minutuan. Gehiago sartzeko aukerak ere izan zituzten zuri-gorriek, baina ez zuten asmatu. Gaur, beste partida bat jokatuko dute, Colchesterren aurka, 20:45ean.
Osasuna 0
Reala 1
Osasuna. Rikardo; Javier Flaño,Miguel Flaño, Astiz, Monreal; Jokin, Sunny, Font, Delporte; Portillo,Kike Sola. Bigarren zatian: Roberto; Oier, Krutxaga, Josetxo, Etxaide; Juanfran, Etaio, Ruper, Plasil;Medina, Pandiani
Reala. Zubikarai; Carlos Martinez, Labaka, Esnaola, Castillo; Markel, Alex; Estrada, Sergio, Marcos;Agirretxe. Bigarren zatian: Zubikarai; Gerardo, Ansotegi, Mikel Gonzalez, Balentziaga; Elustondo, Aranburu; Xabi Prieto, Viguera, Moha;Diaz Zerio
Gola. 0-1. Diaz Zeriok (88. min.)
Epailea. Castillejo.
Bestelakoak. 2.000 ikusle bildu ziren Leringo La Romaleta futbol zelaian. Osasunako Etxaidek ebakia egin zuen buruan 68. minutuan.
Tristurak alaitzeko
Denboraldi-aurreko ohiko partida jokatu dute Osasunak eta Realak, eta donostiarrak nagusitu dira, 0-1
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu