ERRUGBIA. EUROPAKO HEINEKEN KOPAKO FINALERDIA

Twickenhamen deiari ezin muzin egin

Miarritzek lehen aldiz jokatuko du finalerdia, gaur, eta dena emango du finaleko bideari atea zabaltzeko, Tolosa txapelduna menderatuta

DONOSTIA
2004ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
2000ko ekainaren 6an irabazi zuen Miarritzek Frantziako Kopa Bordelen, Briveri 24-13 irabazita. 23.000 ikusle bildu ziren eta miarriztarrek aspaldiko zorionik handiena bizi izan zuten. Soilik orduko lau jokalari ariko dira gaurko hasierako hamabostekoan. Garaipen hark Europako Heineken Kopako bidea ireki zion Miarritzeri, eta horretan dihardu egun. Beraz, lau urteotan nabarmen egin dute gorantz lapurtarrek.

2001-2002 sasoian Frantziako Liga Nagusiko finalerdia jokatu zuen eta galdu egin zuen Montferranden kontra, Lyonen. 2002ko ekainaren 8an txapela jantzi zuen, Agen menderatuta (25-22), Parisen. Iaz ere Ligako finalerdia jokatu zuen eta galdu egin zuen Stade Françaisen aurka (9-32), eta gainera, Bordelen: gaur jokatuko duten zelaian. Lorpen horiei, Heineken Kopan jokaturiko hiru final-laurdenak.Hortaz, Miarritzek badu eskarmentu aberatsa, baina Tolosak zabalagoa du, eta horretan oinarritzen da Okzitaniakoen ahalmena. Hala ere, elkarren arteko hamar norgehiagokei so egiten badiegu, bakoitzak bost aldiz irabazi du, eta Tolosak 23 puntu gehiago egin ditu. Horrek erakusten du lapurtarrak txapeldunen parean direla.

Ligan Miarritze nagusi: 37-20

Miarritzek Europako talderik onenek dituzten baliabideak ditu, eta hala erakutsi du sailkapeneko azken hiru partidetan. Brusque da entsegugile nagusia (sei). Puntugileei dagokienez, ez dago Tolosan yachvili baino hoberik, 55 egin baititu. Miarritzek ia ohiko aitzin-multzoa zelairatuko du eta horrek indarra emango dio borrokan. Hirugarren lerrorik onenetakoa du, eta partida bihurrietan neurria eman dute Betsenek, Lievremontek eta Tonitak. Egia da aitzinean eskarmentu handiko jokalaria ukanen dutela: Labit.

Tolosak jokalari ikusgarriak ditu gibelean, eta Michalak dute gidari. Oraindik ez dakite jokatuko duen eta ezta Ntamackek ere; horrek duda sortuko du. Bestetik, Miarritzek hankako joko hobea balia dezake. Ligan, 37-20 irabazi zuenMiarritzek, 60 minutu apartak eginda.Gaur jakinaraziko du Tolosak hamabostekoa, bi duda dituelako. Miarritzeko ordezko jokalariak: Campo, Fitzgerald, Puleoto, Nauroy, Chouchan, Mazas eta Bernat-Salles. Tolosan: Bru, Fiorini, Millochlusky, I. Maka, Brennan, Dupuy, Desbrosse.

MARTIN GAITAN -Miarritzeko jokalaria

«Jakitun gara zer dugun jokoan, baina ez dugu galtzeko askorik»



Gaurko erronka berezia izango bada miarriztarrentzat, are eta bereziagoa Gaitan argentinarrarentzat. Izan ere,bigarrengoz jokatuko du hasieratik, eta ez nolanahiko partida. Halere, ez duela neurriz kanpoko urduritasunik adierazi zuen atzo gauean.

Miarritzeren hamabostekoan zuk daukazu erdian aritzeko ardura; ez zara lasai egongo.

Badakit ez dela nolanahiko ardura eta erronka; izugarria da Heineken kopa jokatzea. Llanellin irabaztea beti gogoratzeko modukoa izango da, baina orain urrunago heldu gara. Inork ez du ukatzen zaila izango dela. dena den, ez dut neurriz kanpoko urduritasunik.

Gainera, Lacroix gaztearekin egingo duzu bikoa. Talde nagusiarekin estreinakoa egingo duzue elkarren ondoan; hori arriskutsua ere bada.

Beharbada, baina bigarren taldearekin sarri aritu gara. Ezaugarri desberdinak ditugu, baina ohituta gaude.

Ederki aztertuko zenuten Tolosa bideoz; zer erakutsi dizute?

Oso ongi ari direla jokatzen. Bizitasun izugarria dute, joko anitza eta sutsua darabilte. Kanpotik asko jokatzen dute, baina barnealdera egin behar denean ere trebetasuna erakutsi dute.

Presioak gainezka egingo zuen.

Nik ez dut ezagun askorik eta lagunek eginiko dei bat edo beste kenduta, ez naiz gehiegi estutu. Taldea, berriz, jakitun da zer dugun jokoan eta gogotsu gara. Badago aukerarik finalera sartzeko eta ez dugu askorik galtzeko; baliatu behar dugu aukera.

Nola igaro zenuten atzoko egun luzea?

Goizean saio arin bat burutu genuen, bazkaldu, pittin bat lasaitu, bideo saioa eta arratsaldean partidarako prestaketa saioa egin genuen. Hau da, jokaldiak eta partida aitzineko ohiko ariketak errepikatu. Egia esateko, ez du aparteko gauza berezirik egin, aste batean ez baitago miraririk egiterik. Lehendik egina dugu lanaren zati handi bat eta horri jarraitzea da gakoa.

Biharkoa (gaurkoa) ez da hain luzea izango.

Ez. uste dut mundu guztiak badakiela zer egiten dugun, ezta?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.