Realak igotzea lortu zuenean, denak bat zetozen behar-beharrezkoa zela taldea indartzea Lehen Mailan lehiatu ahal izateko. Hori bakarrik ez, begi bistakoa zen gehienentzat fitxaketa nagusiak zelai erditik aurrera egin behar zirela, Bigarren Mailako txapeldun izateko oso gol gutxi sartu zituelako: 53. Sendotasuna izan zen haren euskarri nagusia partidak irabazteko. Hori dela eta, kirol zuzendaritzak, zentzu onez, aurrelari eta erdilari erasokorretan gastatu zituen sosak, defentsan oinarriak behar bezala jarrita zeudelakoan, eta Lehen Mailan goi mailako errematatzaileak edukitzea funtsezkoa zelakoan.
Oraingoz ondo ateratzen ari zaio apustua klubari. Hamasei gol sartu ditu Realak. Atal horretan bederatzigarren taldea da, sailkapenean bezalaxe. Berari, berriz, hemezortzi sartu dizkiote. Ezin da esan datu txarra denik, beste zortzi taldek baitute kopuru okerragoa. Normala da aurreko sasoian baino ahulagoa izatea, kalitatean sekulako aldea baitago Bigarren Mailatik Lehen Mailara, jokaldiak gauzatzerakoan batik bat. Baina autokritika egin behar dute jokalariek. Pena da defentsan sendoago azaldu ez izana, lortu izan balute goiko postuetan bete-betean egongo zirelako. Izan ere, Realak Ligako partida guztietan sartu du gutxienez gol bat, Mallorcan izan ezik.
Atea zulatzeko izandako erregulartasun horri etekin itzela ateratzeko aukera galdu du taldeak. Gainera, sartu dizkioten goletatik, saihesteko modukoak ziren batzuk. Atletico Madrilen aurkako norgehiagoka izan zen azken adibidea. Epailearen lan negargarria alde batera utzita, Realak zerikusi handia izan zuen porrotean, irten egin zelako partidatik. 1-0ekoarekin, gehiegi arriskatu zuen bere aldeko korner batean, Aguero eta Forlan kontraerasoan zitalak direla ahaztuta. Bi erdiko atzelariak igo ziren errematatzera. Banakoa ere ez zen tragedia, baina hamar minutu eskasean beste bi gol sartu zizkion Atleticok. Hautsi egin zen Reala, eta aurkariek ez dute barkatzen halakoetan, Lehen Milan bederen.
Anoetan halako gorabeherak dituen lehen aldia izan da. Etxetik kanpo, berriz, maizegi gertatu zaio. Aurreko jardunaldian, Herculesen aurka, lehen zatian txukun jokatu ondoren, aldageletatik bueltan aurkariak buelta eman zion markagailuari bost minutuan. Oso denbora gutxian, gauza handirik egin gabe, bi gol sartu zituen Herculesek. Levantek ere, sei minutuan, bitan zulatu zuen Bravoren atea Realaren opariei esker: bata, korner batean, eta bestea, galdutako baloi bat aprobetxatuz. Laugarren jardunaldian, azkenik, Osasuna baliatu zen bat-bateko makalaldiez. Tamudok aurreratu zuen Reala, baina taldeak atzera egin zuen lotsa gabe, eta lehen zatia amaitzear zela, bi gol sartu zituzten nafarrek... bost minutuan.
Arrazoiak askotarikoak izan daitezke: kontzentrazio falta, zorte txarra edota nekea. Azkenaldian oso indartsu hasten ditu partidak Realak. Azken lau partidetan, behintzat, goi-goian egin du presioa lehen minutuetan, eta oso oldarkor aritu da. Ahalegin txalogarria da, baina garesti ordain daiteke behar bezala neurtzen ez baldin bada. Atletico Madrilen aurka, adibidez, ordu erdiz baino ez zion iraun erregaiak. Alacanten ere, askoz ere motelago aritu zen bigarren zatian, baloiarekin zein baloirik gabe. Eta Racing eta Malagaren aurkako partidetan, azken horretan batik bat, bere zelaian sartuta bukatu zuen garaipenari eutsi ahal izateko.
Markagailuari eustea izan zen aurreko sasoian, hain zuzen, taldearen dohain nagusietako bat, baina denboraldi honetan buruhauste bilakatzen ari zaio. Orain arteko hamabi partidetatik, bederatzitan Realak hartu du aurrea. Aipatzeko moduko lorpena da, baina horietatik hiru galdu egin ditu, Atletico Madril, Hercules eta Osasunaren aurka, eta beste bat berdindu, Almeriarekin.
Bigarren zatietan izan ohi duen beherakada da taldea gorago ez egoteko arrazoi nagusia, sartu dizkioten hemezortzi goletatik hamalau 45.eta 90. minutuaren artean sartu baitizkiote. Lehengo lepotik burua, aurreko sasoian ere sendoago aritu arren gol gehienak bigarren zatietan sartu baitzizkioten: 37tik 23. Joko bolada onetan aukera dezente sortzen ari da, baina eraginkorragoa ez bada, alde estuekin jokatzen ikasi beharko du. Eta, horretarako, indarrak hobeto neurtzeaz gain, partidetan une oro buru-belarri sartuta egon, jokoa hobeto aztertu eta aulkian erantzunak topatu beharko ditu.
Txakalaldi arriskutsuak
Denbora gutxian gol gehiegi sartu dizkiote Realari zenbait norgehiagokatan. Osasunak, Levantek, Herculesek eta Atletico Madrilek bi gol sartu zizkieten txuri-urdinei minutu eskas batzuetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu