Txapela dago tontorrean

Olaizola Ia-Belokik eta Xala-Eulatek binakako finala jokatuko dute gaur; bi bikoteek ondo hartu diote neurria txapelketari, eta euren jokoak nabarmen egin du gora.

IMANOL MAGRO GASTEIZ
2007ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Zuhurtziak gero eta garrantzi handiagoa du pilota profesionalean. Eskarmentu beharra oraindik agerikoagoa da binakako txapelketan. Eskarmentuaren betaurreko finekin txapelketak garbi ikusi eta hobeto aztertzen dira. Pilotariek mendigoizaleen plangintza hartzen dute besapean, txapelketa hiru hilabeteko espedizioa bailitzan. Lehen fasean ez da ezer erabakitzen; beraz, ez da komeni mendiko lehen magaletan betetzea. Apurka garaierara egokitubeharra dago, final-laurdenetako galbahera sasoiko iristeko. Finalerdietako ligaxka kanpamendu garaiena da, azken ahaleginaren aurretik arnasa hartzeko aukera. Eta txapela, txapela tontorra da, azken saria, plangintzaren fruitua.

Olaizola I.a-Belokik eta Xala-Eulatek ondo baino hobeto ezagutzen dituzte binakakoaren barrunbeak. Laurek txapel bana dute gutxienez, eta eskarmentua euren bilakaeran sumatu da. Bi bikoteek ezin hobeto antolatu dute binakakoaren espedizioa, eta horregatik daude tontorretik, txapeletik, pauso bakarrera. Finalistek ez zuten ondo hasi txapelketa, baina ez ziren larritu, bai baitzekiten gorakada etortzear zegoela. Garrantzitsuena garaierara egokitzea zen, eta kanporaketetan ez zuten hutsik egin.

Olaizola eta Beloki Asegarceko multzoko hirugarren sailkatuak izan ziren, eta partida bakarra irabazi zuten ligaxkan. Final-laurdenetan, baina, jaun eta jabe izan ziren. Biek eskuko arazoekin ekin zioten txapelketari, eta lehen fasea erabili zuten sendatu eta erritmoa hartzeko. Sasoiko iraun zuten finalerdietan, bi partida nagusitasunez irabazteko. Finalera ondo iritsiko dira, eta ideiak garbi dituzte, biek onartu baitute partida gogortzea dela tontorrerako bidea.

Xala eta Eulate ere mendigoizale finak lirateke. Xalak ez zuen presarik izan txapelketan sartzeko, eta lehen partidetan Chafeek ordezkatu zuen. Eulatek ere ondo ezagutzen du bere burua, eta prestaketa fisikoa otsail-martxo aldera zuzendu zuen. Lehen fasean Aspeko azken sailkatuak izan ziren, baina azkena izan zuten partida onena. Final-laurdenei bi orduko partida batekin ekin zieten, eta txapelketa osorako berotu zituzten giharrak. Maldan gora abiada hartu, eta azken sei partidak jarraian irabazi dituzte. Gaur erritmoari eutsi nahi liokete, tontorrerako bidean estropezu ez egiteko.



100-80RI, AUSARTZEN DENARENTZAT. Apustuzale eta artekarien iritziz Olaizola I.a eta Beloki dira faborito finalean. Ligaxkako partida Xalak eta Eulatek irabazi zuten arren (22-15), dirua beteranoen eskarmentuarekin fio da (100-80ri). Zaleak alde dituzte, baina horrek ez du deus ere ziurtatzen; are gutxiago aurtengo binakakoan. Izan ere, ez dira batere fin ibili, artekariak egon diren hogeita hamar partidetatik hemezortzitan bajistek bete baitute patrika.

Apustu adituek diotenez, litekeena da lehen tantoetan dirua parekatzea, zaila baita faboritoren bat nabarmentzea. Partida hasi aurretik, baina, pilotariek izango dute beste buru hausterik, eta adi-adi egongo dira jaialdiko aurreneko partidan. Iragan asteazkeneko pilota aukeraketan laurak kexu agertu ziren, hautsaren erruz zorua oso labainkor zegoelako. Gaurko arazoa konpontzea espero dute, finalean gehiegi baitago jokoan halako xehetasunak airean uzteko.

Zoruak onartzen badu kantxa gainean bi joko estiloren artekolehia egongo da. Olaizola-Belokik atzera joko dute, eta Xala-Eulate aurrean endredatzen saiatuko dira. Gakoa Xala izango da, jokoan, eta partidan, sartzea lortzen badu bide erdia egina izango dute. Bi espedizioak tontorrera begira dira, sokak prestatu dituzte, eta soilik bat helduko da txapelera.



» Xala

Izen abizenak. Yves Salaberri Argindegi.

Jaioteguna eta jaioterria. 1979ko azaroaren 14a, Lekuine (Lapurdi).

Garaiera. 1,80 m.

Pisua. 80 kilo

Debuta. 2006ko ekainaren 25ean, Eibarko Astelenan.

Palmaresa. Buruz buruko txapeldunorde, 2004ean. 2. mailako buruz buruko txapeldunorde, 2001ean. Lau t'erdiko txapeldunorde, 2005ean. Binakako txapeldun, 2002an.

Txapelketako lana. Ezuste gozoena izan da. Lehen hiru partidetan, gerrian min hartuta, ez zuen jokatzerik izan, eta sendatu berria zen arren, sasoi betean ekin zion txapelketari. Jokaturiko sei partidak irabazi ditu, lan oso txukuna eginez. Erasoan ausart jardun du, lotsagabe. Gaur bere jokoa izango da gakoa, eta urduritasuna bere lehen ardura.





» OLaIzoLa I. a

Izen abizenak. Asier Olaizola Apezetxea.

Jaiotze data eta lekua. 1975ko maiatzaren 5a, Goizuetan (Nafarroa).

Garaiera. 1,86 m.

Pisua. 87 kilo.

Debuta. 1996ko apirilaren 13a, Elizondon (Nafarroa).

Palmaresa. Binakako txapeldun 1999an (Aspekoa) eta 2001ean. Binakako txapeldunorde 2002an.

Txapelketako lana. Eskuko minak ez zion ondo hasten utzi. Berak, baina, primeran baliatu zuen lehen fasea apurka sasoia hartzeko. Final-laurden bikainak jokatu zituen, eta finalerdietan ondo eutsi dio mailari. Xala eta Eulateren aurka jokatu zuen partida kaskar bakarra, ezkutatu egin zela onartu du, eta gaur ez du halakorik egingo. Bost urte ziren ez zuela finalik jokatzen eta Belokiren alboan puntan jarraitzen duela erakutsi du.





» Eulate

Izen abizenak. Pedro Martinez Eulate Maestresalas.

Jaioteguna eta jaioterria 1979ko abuztuaren 8an, Lizarra (Nafarroa).

Garaiera. 1,98 m.

Pisua. 99 kilo

Debuta. 2001ekoa martxoaren 2an, Iruñeko Labriten.

Palmaresa. Binakako txapeldun: 2006an.

Txapelketako lana. Lehen irabazlea. Txapela jantzi ala ez, badu bai zoriontsu egoteko arrazoirik. Iaz, Irujorekin txapeldun izan zen, eta urte osoan entzun behar izan du kidearena izan zela meritu guztia. Aurten bigarrenez jokatu du txapelketa, eta finalean da berriz. Beste aurrelari batekin puntako atzelaria erakutsi du. Chafeerekin erdipurdi hasi zen, eta Xalari eta prestakuntza fisikoari esker, maila bikaina lortu du finalerdietan. Kontrarioen jomuga izango da gaur, eta litekeena da bera izatea pilota maizen astinduko duena.





» BeLoKI

Izen abizenak. Ruben Beloki Iribarren.

Jaioteguna eta jaioterria. 1974ko abuztuaren 8a, Burlata (Nafarroa).

Garaiera. 1,86 m.

Pisua. 89 kilo

Debuta. 1992ko abuztuaren 21ean, Donostian.

Palmaresa. Buruz buruko txapeldun: 1995ean, 1998an, 1999an eta 2001ean. Buruz buruko txapeldunorde: 2000n eta 2002an. 2. mailako buruz buruko txapeldun: 1993an. Binakako txapeldun: 1996an eta 2003an. Binakako txapeldunorde: 1994an, 1999an (Asegarcekoa), 2001ean eta 2005ean.

Txapelketako lana. Txapelketako atzelari onena izan da. Gazte denboretako kolpe bizia joan bazaio ere, segurtasun izugarria erakutsi du, eta primeran bete du kantxa. Eskuko minaren erruz zalantzati hasi zen arren, gora egin du.Ondo eutsi dio bikoteari, eta Olaizolak ondo jokatu duenean bikote sendoena izan dira.





BoLada Txarra

0

Xalak ez du inoiz irabazi Ogetan. Xalak Gasteizko pilotalekuan jokaturiko zazpi partidak galdu ditu. Azkenekoa Belokirekin batera galdu zuen, Andra Mari Zuriko ferian. Han ez du inoiz ez buruz burukorik ez lau t'erdikorik jokatu.





seGurTasuna

2,2

Belokiren huts bakanak. Ruben Belokik oso lan txukuna egin du binakakoan, eta ia ez du hutsik egin. Bederatzi partidatan hogei tanto baino ez ditu galdu, 2,2 partidako. Eulatek, aldiz, 45 galdu ditu zortzi partidan, 5,6 partidako.





esKarmenTua

10

Olaizola eta Belokiren finalak. Olaizolak eta Belokik ondo txo dakite zer den binakako finala jokatzea, bien artean hamar jokatu baitituzte. Olaizolak lau jokatu eta bi irabazi ditu. Belokik ere bi irabazi ditu, lau gehiago jokatuta.





ausarDIa

8,8

Tantoak partidako. Xalak ausart jokatu du txapelketan, errematea bilatu du etengabe, eta fruitu onak lortu ditu. Lekuinekoak 53 tanto egin ditu jokoan, 8,8 partidako. Olaizolak, aldiz, 42 lortu ditu bakarrik, 4,6 partidako.





azKen erreFerenTzIa

22-15

Xalak eta Eulatek irabazi zuten. Finalerdietako ligaxkan bi bikoteek elkarren aurka jokatu zuten, eta Xalak eta Eulatek irabazi zuten (22-15). Partida azken txanpan erabaki zen (15-16), eta Xala izan zen onena, 12 tanto eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.